Sorpresa!

Esku artean duzun Sorpresa! hau KUKU! emozio-programaren barnean SORPRESA lantzeko dagoen album ilustratua da.
Kuku! emozio-programa, hain zuzen, Haur Hezkuntzan oinarrizko emozioak lantzeko hezkuntza-programa da. Helburua da ahozkotasuna oinarri izanda norberaren emozioak ezagutzea, kudeatzea eta besteenak hobeto ulertzea.
Oinarrizko 6 emozio lantzen ditu: poza, beldurra, haserrea, tristura, nazka eta sorpresa. Eta emozio horiek lantzeko zenbait baliabide eskaintzen ditu: album ilustratuak, horma-irudiak, jolasak eta emozio-txartelak. Esku artean duzun hau da album horietako bat.
Album ilustratuak eta ipuinak haurraren behar esanguratsuak asetzeko tresna indartsu bat dira. Emozionalki osasuntsu hazteko tresna dira, bizitzako gatazkei aurre egiteko indar terapeutikoa. Pentsamendua garatzearekin batera, kategoria intelektualak eraikitzen ditu haurrak, eta bidaia luze horren adierazle nagusia hizkuntza da.
Sorpresa! eskuetan duzuela, hauexek elkarrizketarako arrastoak:
Irakurri aurretik:
- Zer ikusten duzu azalean? Nor dago? Nola dago mutikoa?
- Zeren ingurukoa izan daiteke istorioa? Zer gertatuko da? (aurreratzeak eta hipotesiak)
Irakurtzerakoan:
- Zer gertatzen zaio Manexi? Nola sentitzen da?
- Zer du gustuko Manexek? Eta zuk?
- Nola sentitzen da Manex lagun artean? Noizbait gertatu al zaizu hori? Eta nola sentitu zara?
- Zu nola sentituko zinateke hark bezala estropezu egingo bazenu? Zer egingo zenuke?
- Medikuarenera joan eta noizbait sentitu al zara Manex bezala? Kontatuko duzu noiz eta nola?
- Medikuak betaurrekoak behar dituela esatean, zer aurpegi ipintzen dituzte? Zer emozio adierazten dute?
- Zuk nola ikusten duzu zure ingurua? Zerbait lauso ikusten duzu?
- Zer sorpresa desatsegin gogoratzen dituzu? Nazka eragin zizutenik?
- Zer sorpresa atsegin gogoratzen dituzu?
Haurrei emozionalki adimentsuak izaten laguntzeko, garrantzitsua da testuinguru aberats eta aproposak eskaintzea, eta horixe eskaintzen dute Kuku! emozio bildumako baliabideek.
Album ilustratuak:
– Haserrea, Iñigo Astiz · Leire Salaberria.
– Irrimola, Maite Mutuberria.
– Putz egin eta ikusiko duzu, Karmele Jaio · Mikel Casal.
– Nazkatasuna, Peru Magdalena · Mikel Valverde.
– Tristura, Joseba Sarrionandia · Irrimarra.
Horma-irudiak:
– Tikili-tokolo zirkuan, Mikel Valverde.
– Firin-faran kalejiran, Mikel Santos "Belatz".
– Oinak lurrean pil-pilean, Gorka Aranburu.
– Plasta-plasta, parrasta! Lotura Films.
– Txispun burrun! Higinia Garay.
– Bat-batean, zast! Xabier Sagasta.
Jolasak:
– Emozio-txartelak
– Emozioen domino-jokoa
– Emozioen memoria-jokoa
