KIMU

KIMU · LH 1-2-3

Lehen Hezkuntzako lehenengo hiru mailetara bideratutako proiektua da Kimu. Errealitate hurbileko egoeretan kokatzen du ikaskuntza eta ikasleen funtsezko konpetentziak garatzea du helburu.

LH 1. eta 2. mailak hiru proposamen didaktikotan egituratu dira: Erronka, Euskara eta literatura eta Matematika. LH 3. mailan Lengua castellana y literatura ere gehitzen zaie. 

Proposamen didaktikoen arteko koherentzia, lotura eta osagarritasuna bermatu dira, irakaskuntza-prozesua ikuspegi global batetik diseinatzen laguntzeko irakasleari.

Diziplina bakoitzak malgutasunez planifikatzeko eta erabiltzeko aukera eskaintzen du.

 

 ERRONKA

  • Ikaslearen errealitate hurbilean kokatzen du ikaskuntza; unitate didaktiko bakoitzak interesgune jakin bat du ardatz.
  • Izaera globalizatua du; hainbat diziplinetako konpetentziak eta funtsezko konpetentzien lanketa ahalbidetzen du.
  • Hizkuntzaren ikuspuntu komunikatiboa du oinarrian; euskara du ardatz eta ingelesa ere txertatu da, ikasleak ingurune eleaniztun batean aritzeko trebatuz.
  • Ikas-egoera bat da ikaskuntzaren eragile, sormena eta eztabaida sustatuz eta jakin-mina piztuz.
  • Zenbait ikaskuntza ingelesez eskuratuko dituzte; hizkuntzarteko lanketarako aukera emanaz.
  • Ikasleen beharretara eta unean uneko ezaugarrietara egokitu ahal izango dira edukiak; malgutasunez erabiltzeko aukera eskaintzen du.

 

 EUSKARA ETA LITERATURA

  • Ikaslearen komunikaziorako konpetentzia garatzea eta irakurleak eta idazleak heztea du helburu.
  • Heziketa literarioa lantzeko haur literaturan oinarritzen da. Euskal literaturan erreferente diren idazle eta ilustratzaileek berariaz Kimu proiekturako sorturiko obra literarioak dira proposamenaren oinarri eta abiapuntu.
  • Idazten eta irakurtzen ikasteko, idatzi eta irakurri egin behar da, eta besteek nola idazten eta irakurtzen duten ikusi; probatuz eta huts eginez, beti ere testuetan esanahiak bilatuz edota esanahia duten testuak sortuz.
  • Ereduak barneratzetik abiatuz, eta hainbat egoera esperimentatuz, sormena sustatuko da. Ikasle sortzaileak, ekintzaileak eta bere buruarekiko konfiantza dutenak hezi nahi ditugulako.

 

 MATEMATIKA

  • Hurbileko errealitatea betaurreko matematikoekin ikustetik abiatuta, inguruan dugun matematikaren funtzioa identifikatzea eta ulertzea du helburu.
  • Jolasaren, ikerketaren eta behaketaren bidez, ikasleek matematikarako konpetentzia garatuko dute.
  • Askotariko estrategiak erabiltzea sustatzen da, ikasleak hausnarketara bideratzeko eta aniztasunari erantzuteko.
  • Kontzeptuak eta prozedurak ulertzen laguntzeko manipulazioa baliatzen da eta zehatzetik abstrakturako ibilbidea antolatzen da.
  • Proposamena oinarrizko 5 zutabetan egituratzen da: unitate didaktikoak, desafioak, errutinak, ikerketak eta jokoak.

 

 LENGUA CASTELLANA Y LITERATURA · LH 3

Irakurmena eta ahozko zein idatzizko adierazpena lantzea du helburu, hiztegia aberastu, modu zuzen eta formalean hitz egin eta idazteko.
Horretarako, hainbat testu-genero eta ekintza komunikatibo erabiliko dira.

 

Kimu proiektua sakonago ezagutu nahi baduzu eta eskaintzen dituen materialak ikusi eta aztertu nahi badituzu (ikasleen liburuak, irakaslearen gidak, gelarako material manipulatiboa, jokoak eta ingurune digitala), jarri gurekin harremanetan.