Firin-faran kalejiran

Esku artean duzun Firin-faran kalejiran hau Kuku! emozio-programaren barnean POZA lantzeko dagoen horma-irudia da.

Kuku emozio-programa, hain zuzen, Haur Hezkuntzan oinarrizko emozioak lantzeko hezkuntza-programa da. Helburua da ahozkotasuna oinarri izanda norberaren emozioak ezagutzea, kudeatzea eta besteenak hobeto ulertzea.

Oinarrizko 6 emozio lantzen  ditu: poza, beldurra, haserrea, tristura, nazka eta sorpresa. Eta emozio horiek lantzeko zenbait baliabide eskaintzen ditu: album ilustratuak, horma-irudiak, jolasak eta emozio-txartelak. Esku artean duzun hau da  horma-irudi horietako bat.

Elementu honek era bisual eta erakargarri batez islatzen ditu emozio- eta komunikazio-egoerak. Hainbat erabileraren artean, aukera eskaintzen du elkarrizketarako, egoera eta gertakizunen inguruko bizipenak, emozioak eta sentimenduak bizitzeko eta adierazteko. Era berean, haurrak heldu batekin edo bakarrik erabil dezake.

Firin-faran kalejiran poza lantzeko berariaz sortutako horma-irudi bat da.

Poza emozio bat da, honelakoetan agertzen dena: gaizki-egona arintzen denean, helburu bat lortzen denean, esperientzia estetiko bat begiratzean (koadro bat, kanta bat...), eta abar. Gutxi irauten du gehienetan, eta askotariko intentsitateetan sentitzen da (irribarre bat, plazera, euforia...).
Plazer-iturri da, une ideala bizitzea bezala, seinale hunkigarri atsegina. Positiboa dena konektatzen eta mantentzen laguntzen digu, aurrera jarraitzeko prestatzen gaitu, motibatu egiten gaitu… Poza funtsezko emozioa da bizirik iraun ahal izateko.

Pozik dagoenaren aurrean:

  1. Pozik dagoen haurraz gozatu.
  2. Gogoratu poza ez dela soilik euforia: konpainiaz gozatzeko aukera, egunsenti polit bat ikustekoa, fruta fresko bat jateko aukera, muxu bat sentitzekoa... Pozak unibertso zabala du.
  3. Jarrerarekin lotura zuzena duen emozio bat da poza: gure aldetik jartzen dugunean sortzen da.
  4. Esker onak, eskertua izateak ere sortzen du pozaren alderdi soziala.
  5. Pozik dagoenak ere jakin behar du hori erregulatzen, lekuz kanpo ez geratzeko. Eta hori, gaur egun, zaila da (zoriontasunaren kultura bat badelako).

Firin-faran kalejiran eskuetan duzuela, hona hemen elkarrizketarako arrasto batzuk:

  • Nor ikusten duzu pozik dagoela? Nola dakizu?
  • Pozik dagoen hori zergatik dago pozik?
  • Zu haren egoeran bazeunde, nola sentituko zinateke? Ondorioz, zer egingo zenuke?
  • Noizbait sentitu al zara horrela? Kontatuko duzu noiz eta nola? Zer egin zenuen?
  • Pertsona bakarra al dago pozik? Heldurik?
  • Egoera berak poza ematen al die guztiei? Eta zuri? Eta niri?

Haurrak adierazten duen pozaren arabera, zenbait egoerari erreparatu dakieke. Lagungarri dira:

_ Burutazioaren aldeko egoerak: poza irudikatu eta sortu dezaketen gertuko egoera sinpleak: plazera, atsegina, goxotasuna, lasaitasuna irudikatzen duten egoerak.
_ Gorputzaren aldeko sabelaldeko egoerak: lasaitasuna, goxotasuna, maitasuna eta  baretasuna sabelaldean, eta euforikoagoak diren egoerak ere bai: kalejira, orbelarekin jolastea, opariak jasotzea…
Haurrei emozionalki adimentsuak izaten laguntzeko, garrantzitsua da testuinguru aberats eta aproposak eskaintzea, eta horixe eskainiko dizu esku artean duzun Firin-faran kalejiran honek.

Erantsi Kuku bildumako gainontzeko baliabideak:

Album ilustratuak:
– Haserrea, Iñigo Astiz · Leire Salaberria.
– Sorpresa! Agurtzane Ortiz · Enrique Morente. 
– Irrimola, Maite Mutuberria.
– Putz egin eta ikusiko duzu, Karmele Jaio · Mikel Casal.
– Nazkatasuna, Peru Magdalena · Mikel Valverde.
– Tristura, Joseba Sarrionandia · Irrimarra.

Horma-irudiak:
– Tikili-tokolo zirkuan, Mikel Valverde.
– Oinak lurrean pil-pilean, Gorka Aranburu.
– Plasta-plasta, parrasta! Lotura Films.
– Txispun burrun! Higinia Garay.
– Bat-batean, zast! Xabier Sagasta.

Jolasak:
– Emozio-txartelak
– Emozioen domino-jokoa
– Emozioen memoria-jokoa