Tikili-tokolo zirkuan

Esku artean duzun Tikili-tokolo zirkuan hau Kuku! emozio-programaren barnean BELDURRA lantzeko dagoen horma-irudia da.

Kuku! emozio-programa, hain zuzen, Haur Hezkuntzan oinarrizko emozioak lantzeko hezkuntza-programa da. Helburua da ahozkotasuna oinarri izanda norberaren emozioak ezagutzea, kudeatzea eta besteenak hobeto ulertzea.

Oinarrizko 6 emozio lantzen  ditu: poza, beldurra, haserrea, tristura, nazka eta sorpresa. Eta emozio horiek lantzeko zenbait baliabide eskaintzen ditu: album ilustratuak, horma-irudiak, jolasak eta emozio-txartelak. Esku artean duzun hau  da  horma-irudi horietako bat.

Elementu honek era bisual eta erakargarri batez islatzen ditu emozio- eta komunikazio-egoerak. Hainbat erabileraren artean, aukera eskaintzen du elkarrizketarako, egoera eta gertakizunen inguruko bizipenak, emozioak eta sentimenduak bizitzeko eta adierazteko.

Tikili-tokolo zirkuan beldurra lantzeko berariaz sortutako horma-irudi bat da.

Beldurra emozio desatsegina da, mehatxu baten berri ematen diguna, eta gure gorputzak arrisku hori saihesteko, ihes egiteko edo beldur handia eragiten duen zerbaiten aurrean geldiarazteko prestatzen gaitu. Beldurrez gaudenean, odola besoetara eta hanketara zuzentzen zaigu, ihes egin ahal izateko.

Beldurraren aurrean:

1. Lasaitu ezazue, hitz eta keinu atseginez. Gogoratu esaten diogunak baino gehiago gure jarrerak eta presentziak emango diola lasaitasuna eta segurtasuna.

2. Lagundu hitzetan jartzen zer eta non sentitzen duen. Lagungarri izan daiteke honelako galderak egitea:

  • Zer da sentitzen duzun hori? Nola sentitzen zara?
  • Non sentitzen duzu emozioa? Nola adierazten ari zara?
  • Zerk eragin dizu emozio hau ?
  • Zer egin dezakezu hurrengo batean beldurra beste era batera  bideratzeko?

3. Arnasketa-ariketak ere oso lagungarriak izan daitezke.

4. Lasaitzen laguntzen dion objektu, giro, usain edo txokoren bat identifikatu (momentuan pentsatzea zaila da; lehenagotik badugu, hobe, edo, bestela, lasai dagoen batean hitz egin).

5. Haurrak biziki maite du gurasoen haurtzaroko istorioak entzutea. Behin lasaitzeko bidean dela, kontatu beldurrak gainditu zenituen une haiek.

  • Tikili-tokolo zirkuan eskuetan duzuela, hona hemen elkarrizketarako arrasto batzuk:
  • Nor ikusten duzu beldur dela? Nola dakizu?
  • Beldur den hori zergatik da beldur?
  • Zu, haren egoeran, nola sentituko zinateke? Ondorioz, zer egingo zenuke?
  • Noizbait sentitu al zara horrela? Kontatuko duzu noiz eta nola? Zer egin zenuen?
  • Pertsona bakarra al dago beldurtuta? Heldurik?
  • Egoera berak beldurra ematen al die guztiei? Eta zuri? Eta niri?

Haurrak adierazten duen beldurraren arabera, egoera ezberdinei erreparatu geniezaieke. Lagungarri lirateke:

_ Aipatzea nor dagoen beldurtuta ikusleen aldean, eta zergatia agertoki aldean topatzea: (goitik behera eta ezker-eskuin) emakume balari begira dagoen neskato motosduna; elkar besarkatuta dauden bi neskato; bi motosdun neskatoa; begiak estalita dauzkan mutikoa;  puxikari begira dagoen gizona; armiarma gainean duen gizona; azkazalak jaten ari den mutikoa; amaren eskumuturrari eusten ari zaion neskatoa; beldurra, elkarri eusten ari zaizkion boskotea; untxia agertu zaion gizona eta inguruko boskotea; bizarra erretzen ari zaion gizona.

_ Agertoki aldean beldurra eragiten dieten egoera eta ekintzak identifikatzea eta horiez hitz egitea (egoera errealetara ekar daitezke bertan agertzen diren zirkuko egoerak eta beldurrak).

Haurrei emozionalki adimentsuak izaten laguntzeko, garrantzitsua da testuinguru aberats eta aproposak eskaintzea, eta horixe eskainiko dizu esku artean duzun Tikili-tokolo zirkuan honek.

Erantsi Kuku! bildumako gainontzeko baliabideak:

Album ilustratuak:
– Haserrea, Iñigo Astiz · Leire Salaberria.
– Sorpresa! Agurtzane Ortiz · Enrique Morente. 
– Irrimola, Maite Mutuberria.
– Putz egin eta ikusiko duzu, Karmele Jaio · Mikel Casal.
– Nazkatasuna, Peru Magdalena · Mikel Valverde.
– Tristura, Joseba Sarrionandia · Irrimarra.

Horma-irudiak:
– Firin-faran kalejiran, Mikel Santos "Belatz".
– Oinak lurrean pil-pilean, Gorka Aranburu.
– Plasta-plasta, parrasta! Lotura Films.
– Txispun burrun! Higinia Garay.
– Bat-batean, zast! Xabier Sagasta.

Jolasak:
– Emozio-txartelak
– Emozioen domino-jokoa
– Emozioen memoria-jokoa