Kilimak koaderno jostagarriak

Jolas-molas, kilimak eginez ondo pasatzera goaz! (6-12 urte)

Jakingura kilikatu eta irudimena lantzea dute helburu Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak sortu dituen Kilimak koaderno jostagarriek. 

6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, eta euskaraz eta euskaratik sortuak izan dira, oporretan ere euskaraz jolasteko eta gozatzeko asmoz. Gainera, ikasturtean zehar landutako gaietan sakontzeko aukera eskaintzen dute, modu erakargarri eta jostarian.

Denera, sei koaderno jostagarri sortu dira, adin tarte bakoitzeko bat.

 

Euskal testuinguruan kokatuta

Euskararen ezagutza eta euskal kultur transmisioa indartzeko koaderno jostagarriak dira.

Besteak beste, euskal mitologiara jauzi egingo dugu, Gure Zirkuko lagunekin jolastuko gara, Euskal Herrian zehar bidaiatuko dugu, kultur ekimen ugari ezagutuz eta urte askotako tradizioa duten gozotegiak bisitatuz, eta jende interesgarria deskubrituko dugu bidean.

Familiartean, lagunartean nahiz bakarka gozatu ahal izango ditugu koadernoak.

 

Jakingura kilikatu eta irudimena landu

Lehenengo lau koadernoek egitura bertsua dute; sei atalez osatuta daude, eta atal bakoitzaren hasieran misterio edo enigma bat aurkeztuko zaio irakurleari. Hurrengo orrialdeetan misterioa argitzeko erronkak gainditu beharko ditu han-hemen aurkituko dituen pistak jarraituz. 

Horrez gain, euskaraz jolasteko esaerak, zotz egiteko formulak, kantuak eta beste topatuko ditu.

Kilimak 5 eta 6 koadernoek, berriz, bestelako proposamena dakarte; gaiak zein estetika 10-12 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta daude. Atal bakoitza komiki batekin hasten da eta irakurleak komiki bat pausoz pauso sortzen ikasteko aholkuak eta trikimailuak jasoko ditu. 

Elkarrizketak ere badaude. Besteak beste, dantzariak, zientzialari bat, mago bat eta surflari bat ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, denborapasak, esperimentuak eta eskulanak egingo dituzte.

Askotariko jarduerak aurkituko ditugu Kilimak koadernoetan, adin tarte bakoitzari egokituta:

  • Nahas-mahas: letra-zopak, hitz gurutzatuak eta hizkuntza jolasak. 
  • Mingaina dantzan: zotz egitekoak, aho-korapìloak eta hitz-jokoak.
  • Joko-moko: matematikako proposamenak (sudokuak, kalkuluak, trukoak, labirintoak...)
  • Begiz jo: pertzeptzio bisuala (desberdintasunak aurkitu, elementuak bilatu...)
  • Iker dezagun: zientziarekin zerikusia duten proposamenak.
  • EskuARTEan: eskulanak, arte hezkuntza, marrazketa, grafomotrizitatea.
  • Mugi-mugi: mugimenduarekin zerikusia duten proposamenak (taldeka, bakarka edo familian aritzeko): kantatu eta dantzatu, gorputz erronkak edo soka-saltoan ibiltzeko kantak.
  • Liburu hau izugarri gustatu zait: liburu gomendioak.

Horrez gain, QR kodeen bidez ikus-entzunezko baliabideak eskaintzen dira, besteak beste, abestiak, jolasak eta eskulanak egiteko jarraibideak.

Ondorengo ilustratzaileek parte hartu dute koadernoetan: Gorka Aranburu, Higinia Garay, Asier Iturralde 'Gaston', Raquel Samatier eta Lotura Films.

Euskal Herriko liburu-denda eta ohiko salmenta puntuetan eskuragarri dituzu Kilimak koaderno jostagarriak.

Kilimek barre eginarazten duten bezala, Kilimak koadernoek elkar kitzikatzea dute helburu, irri egitea eta ondo pasatzea. Ezagutu nahi al dituzu? Deskargatu aurkezpena eta ikusi zer-nolako jarduerak aurkituko dituzun Kilimak koadernoetan: