Txispun burrun!

Esku artean duzun Txispun burrun! Kuku emozio-programaren barruan dagoen HASERREA lantzeko horma-irudia da.
Kuku emozio -programa, Haur Hezkuntzan oinarrizko emozioak lantzeko hezkuntza-programa da. Helburua da, ahozkotasuna oinarri izanda, norberaren emozioak ezagutzea, kudeatzea eta besteenak hobeto ulertzea.
Oinarrizko 6 emozio lantzen ditu: poza, beldurra, haserrea, tristura, nazka eta sorpresa, eta emozio hauen lanketarako hainbat baliabide eskaintzen ditu: album ilustratuak, horma-irudiak, jolasak eta emozio-txartelak. Esku artean duzun hau da horma-irudi horietako bat.
Elementu honek emozio eta komunikazio egoerak era bisual eta erakargarrian islatzen ditu. Hainbat erabileraren artean, elkarrizketarako, egoera eta gertakizunen inguruko bizipenak, emozioak eta sentimenduak bizitzeko eta adierazteko aukera eskaintzen du. Gainera, haurrak helduarekin edo bakarrik erabil dezake.
Txispun burrun! haserrea lantzeko berariaz sortutako horma-irudia da.
Haserrea emozio desatsegina da, gure balioei edo itxaropenari kalte egiten dien edo kalte egin diezaiekeen mehatxu baten berri ematen diguna. Oztopo baten aurrean, pertsona, gauza edo egoera batek traba egiten digunean, haserretu egiten gara. Baina emoziorik arriskutsuena ere bada haserrea. Zergatik? Bada, haserretu gaituen horri kalte egitera bultzatzen gaituelako. Amorrarazi gaituenari min ematea bilatzen du, ekintzen bidez nahiz haserre-hitz soilez bada ere. Haserreak haserrea dakar. Eta bortizkeriak gaina hartzea nahi ez badugu, haserrea onartzea da gainditu beharko dugun lehenengo urratsa.
Haserre dagoenaren aurrean:
- Ez gutxietsi haren haserrea. Gerturatu zaitez bere espazioa errespetatuz. Gogoratu esaten diogunak bere haserrea gehiago piztea eragin dezakeela.
- Entzun geratutakoari buruzko bere egia (kontraste lanak egin beharko balira, gerorako utzi). Erabili entzute aktiboa.
- Lagundu hitzetan jartzen zer eta non sentitzen duen. Hitzekin moldatzen ez denak marraztuz adieraz dezake.
- 1etik 5erako eskalan, lagundu iezaiozu haserreari neurria jartzen.
- Eman denbora sentitzen ari den haserreak lekua har dezan, eta lagundu lasaitzeko bidea har dezan (ahotsaren tonuarekin, erritmoarekin, arnasketarekin, usainen edo objekturen baten bidez…).
Elkarrizketarako galdera-proposamenak:
- Zer da sentitzen duzun hori? Nola sentitzen zara?
- Non sentitzen duzu emozioa? Nola adierazten ari zara?
- Zerk eragin dizu emozioa hau?
- Zer egin dezakezu hurrengo batean haserrea beste era batera bideratzeko?
Txispun burrun! eskutan duzuela, hona hemen elkarrizketarako pista batzuk:
- Nor ikusten duzu haserre dagoela? Nola dakizu?
- Haserre dagoen hori, zergatik dago haserre?
- Zu, bere egoeran, nola sentituko zinateke? Ondorioz, zer egingo zenuke?
- Noizbait sentitu al zara horrela? Kontatuko noiz eta nola? Zer egin zenuen?
- Pertsona bakarra al da haserre dagoena? Pertsona heldurik?
- Egoera berdinak haserrea eragiten al die guztiei? Eta zuri? Eta niri?
Haurrak adierazten duen haserrearen arabera, hainbat egoeratan erreparatu daiteke. Lagungarri dira:
_ Sumendiaren aldean: korrotik kanpo uzten duten haurra; kartetan tranpetan ari dena; berandu iritsi dena eta zain dituenak; xagu xarra; helduak debekua apurtzen duten haurrekin duen jarrera, pareta margotzen ari delako; zipriztintzen dituen haurren haserrea; lurrean kolpeak emnez haserre dagoena; sagarrarekin erasotzen duen haurra; garrasika ari den haurra; elkarri panpina kentzen diotenak; makilarekin borrokan ari direnak; haurrari ahoa estaltzen dion neska; eta borroka bizia.
_ Paisaiaren aldean: beste aldean berandu zetorren haurra besteekin batera eguzkiari begira, lasai; helduak arnasketa ariketak egiten; kartetan jolasean, lasai; bestearen hitza entzuten eta errespetatzen duten haurrak; txoriaren kantua entzuten ari direnak; otordua lasai egiten ari direnak; elkarrekin putzuan jolasean dabiltzanak; panpina kendu gabe eta elkarrizketan daudenak; janaria elkarren artean banatzen dutenak; yoga egiten ari dena...
Haurrak emozionalki adimentsuak izaten laguntzeko, garrantzitsua da testuinguru aberats eta aproposak eskaintzea eta horixe da esku artean duzun Txispun burrun! horma-irudiak eskainiko dizuna.
Erantsi Kuku bildumako gainontzeko baliabideak:
Album ilustratuak:
– Haserrea, Iñigo Astiz · Leire Salaberria.
– Sorpresa! Agurtzane Ortiz · Enrique Morente.
– Irrimola, Maite Mutuberria.
– Putz egin eta ikusiko duzu, Karmele Jaio · Mikel Casal.
– Nazkatasuna, Peru Magdalena · Mikel Valverde.
– Tristura, Joseba Sarrionandia · Irrimarra.
Horma-irudiak:
– Tikili-tokolo zirkuan, Mikel Valverde.
– Firin-faran kalejiran, Mikel Santos "Belatz".
– Oinak lurrean pil-pilean, Gorka Aranburu.
– Plasta-plasta, parrasta! Lotura Films.
– Bat-batean, zast! Xabier Sagasta.
Jolasak:
– Emozio-txartelak
– Emozioen domino-jokoa
– Emozioen memoria-jokoa
