Haserrea

Esku artean duzun Haserrea hau Kuku! emozio-programaren barnean HASERREA lantzeko dagoen album ilustratua da.

Kuku! emozio-programa, hain zuzen, Haur Hezkuntzan oinarrizko emozioak lantzeko hezkuntza-programa da. Helburua da ahozkotasuna oinarri izanda norberaren emozioak ezagutzea, kudeatzea eta besteenak hobeto ulertzea.

Oinarrizko 6 emozio lantzen ditu: poza, beldurra, haserrea, tristura, nazka eta sorpresa. Eta emozio horiek lantzeko zenbait baliabide eskaintzen ditu: album ilustratuak, horma-irudiak, jolasak eta emozio-txartelak. Esku artean duzun hau da album horietako bat.

Album ilustratuak eta ipuinak haurraren behar esanguratsuak asetzeko tresna indartsu bat dira. Emozionalki osasuntsu hazteko tresna dira, bizitzako gatazkei aurre egiteko indar terapeutikoa. Pentsamendua garatzearekin batera, kategoria intelektualak eraikitzen ditu haurrak, eta bidaia luze horren adierazle nagusia hizkuntza da.

Haserrea eskuetan duzuela, hauexek elkarrizketarako arrastoak:

Irakurri aurretik:

  • Zer ikusten duzu azalean? Zer dago? Non?
  • Zeren ingurukoa izan daiteke istorioa? Zer gertatuko da? (aurreratzeak eta hipotesiak)

Irakurtzerakoan:

  • Nor da neskatxa? Zer izen jarriko zenioke?
  • Non dago? Zer ingurutan?
  • Zerekin topo egiten du? Nola sentitzen da? Zer aurpegi ipintzen du?
  • Nola sentitzen da inurriak ugaritzean? Noizbait sentitu al zara horrela? Zer egoeratan?
  • Zer gertatzen da inurriekin? Nondik nora doaz? Eta neska nola dago? Nola hitz egiten du?
  • Zu nola egongo zinateke inurriak ahoraino sartuko balitzaizkizu? Zer egingo zenuke?

Haurrei emozionalki adimentsuak izaten laguntzeko, garrantzitsua da testuinguru aberats eta aproposak eskaintzea, eta horixe eskaintzen dute KUKU! emozio bildumako baliabideek:

Album ilustratuak:

– Sorpresa! Agurtzane Ortiz · Enrique Morente. 
– Irrimola, Maite Mutuberria.
– Putz egin eta ikusiko duzu, Karmele Jaio · Mikel Casal.
– Nazkatasuna, Peru Magdalena · Mikel Valverde.
– Tristura, Joseba Sarrionandia · Irrimarra.

Horma-irudiak:
– Tikili-tokolo zirkuan, Mikel Valverde.
– Firin-faran kalejiran, Mikel Santos "Belatz".
– Oinak lurrean pil-pilean, Gorka Aranburu.
– Plasta-plasta, parrasta! Lotura Films.
– Txispun burrun! Higinia Garay.
– Bat-batean, zast! Xabier Sagasta.

Jolasak:
– Emozio-txartelak
– Emozioen domino-jokoa
– Emozioen memoria-jokoa