HH · 2021-11-02 · Ikaselkar
Joseba Sarrionandia, Peru Magdalena, Mikel Valverde eta Irrimarra batu dira Kuku! emozio bildumara

Tristura du abiapuntu Joseba Sarrionandiak eta Irrimarrak elkarrekin sortu duten album ilustratuak; Peru Magdalena idazleak eta Mikel Valverde ilustratzaileak, berriz, nazkaren inguruko liburua osatu dute.
Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak Kuku! emozio bildumako azken bi album ilustratuak argitaratu berri ditu, tristura eta nazka ardatz hartuta. Honela, oinarrizko sei emozioak lantzeko –haserrea, sorpresa, poza, beldurra, tristura eta nazka– ipuin bana aurkituko dute irakurleek bilduma honetan, emozioak lantzeko beste horrenbeste horma-irudi eta jolasekin batera.
Tristurari buruz idatzi du Joseba Sarrionandiak, eta Irrimarra ilustratzaile taldeak hitzak eta irudiak josi ditu, marrazkiak orriz orri liburuan bordatuz. Peru Magdalena idazleak eta Mikel Valverde ilustratzaileak, berriz, nazkaren inguruko ipuina sortu dute, Nazkatasuna.
Kuku! bildumaren baitan, 2 urtetik gorako haurrekin oinarrizko emozioak lantzeko baliabide sorta eskaintzen du Ikaselkarrek, hala nola, album ilustratuak, horma-irudiak eta jolasak. Sentitzen dituzten emozioak ezagutzen, horiei izena jartzen eta erregulatzen ikasiko dute haurrek. Pedagogian aditu diren profesionalek proposatutako edukietatik abiatuta sortu dira elementu hauek guztiak.
Bi liburu ilustratu hauekin batera, bilduma ondorengo albumek osatzen dute: Agurtzane Ortiz eta Enrique Morenteren Sorpresa!; Iñigo Astiz eta Leire Salaberriaren Haserrea; Karmele Jaio eta Mikel Casalen Putz egin eta ikusiko duzu (beldurra lantzeko); eta Maite Mutuberriaren Irrimola (poza lantzeko).
Album ilustratuek, eta bildumako gainerako elementuek, QR kodea dute eta, horren bitartez, gurasoek informazio osagarria eskuratuko dute eskuetan duten elementu horren inguruan, bertan lantzen den emozioari buruzko argibideak eta erabileraren inguruko jarraibideak, hain zuzen ere.
TRISTURA
Joseba Sarrionandia - Peru Magdalena
Joseba Sarrionandiak eta Irrimarrak elkarrekin sortu duten album ilustratuak tristura du abiapuntu. Ondoez barea eta iraunkorra da tristura. Nahigabeak har dezake edozeinen gogoa oharkabean. Baina badago norbait hemen lagunari bizipozaz eta alaitasunaz hitz egiteko.
Karmele Gorroño (Irrimarra, Irene Iruretarekin batera) eta Joseba Sarrionandia, Tristura albumaren egileak
NAZKATASUNA
Peru Magdalena - Mikel Valverde
Peru Magdalenak eta Mikel Valverdek elkarrekin sortu duten album ilustratuak nazka du abiapuntu. Zer da nazka? Noiz sentitzen dugu? Gauza berdinek ematen al digute nazka? Denok sentitzen al dugu berdin?
Peru Magdalenak idatzi eta Mikel Valverdek ilustratu dute Nazkatasuna