Bloga

Haurrekin emozioak lantzeko album ilustratu berriak argitaratu ditu Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak Kuku! bilduman

HH · 2021-10-13 · Ikaselkar

Partekatu

Beldurra du abiapuntu Karmele Jaiok eta Mikel Casalek sortu duten Putz egin eta ikusiko duzu albumak; Maite Mutuberriak idatzi eta ilustratu duen Irrimola liburu biribilak, aldiz, poza du erdigune.

Kuku! emozio bildumako bi album ilustratu berri plazaratu ditu Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak. Karmele Jaiok idatzi eta Mikel Casalek ilustratu dute Putz egin eta ikusiko duzu albuma. Beldurra du abiapuntu liburuak. Bestalde, Maite Mutuberriak idatzi eta ilustratu du Irrimola, liburu biribila, poza ardatz hartuta.

Kuku! bildumaren baitan, 2 urtetik gorako haurrekin oinarrizko emozioak lantzeko baliabide sorta eskaintzen du Ikaselkarrek, hala nola, album ilustratuak, horma-irudiak eta jolasak. Poza, beldurra, haserrea, tristura, nazka eta sorpresa dira, hain zuzen ere, lantzen diren oinarrizko sei emozioak. Sentitzen dituzten emozioak ezagutzen, horiei izena jartzen eta erregulatzen ikasiko dute haurrek. Pedagogian aditu diren profesionalek proposatutako edukietatik abiatuta sortu dira elementu hauek guztiak. 

Bi argitalpen hauekin, lau dira Kuku! sailean orain artean argitaratu diren album ilustratuak. Aurretik argitaratutakoak: Agurtzane Ortiz eta Enrique Morenteren Sorpresa!; eta Iñigo Astiz eta Leire Salaberriaren Haserrea.

Album ilustratuek, eta bildumako gainerako elementuek, QR kodea dute eta, horren bitartez, gurasoek informazio osagarria eskuratuko dute eskuetan duten elementu horren inguruan, bertan lantzen den emozioari buruzko argibideak eta erabileraren inguruko jarraibideak, hain zuzen ere.


PUTZ EGIN ETA IKUSIKO DUZU

Karmele Jaio · Mikel Casal

Karmele Jaiok eta Mikel Casalek sortutako album ilustratuak beldurra du abiapuntu. −Beldurra zure barnean dago, birikak eta sabelaren artean –esaten zidan amonak–. Hortik atera behar duzu nolakoa den ikusi ahal izateko. Zuk putz egin zure indar guztiekin. Horrela ateratzen dira beldurrak. Eta zuk? Badakizu zeri diozun beldurra?

Karmele Jaiok idatzi eta Mikel Casalek ilustratu dute Putz egin eta ikusiko duzu liburu ilustratua

 

IRRIMOLA

Maite Mutuberria

Maite Mutuberriak sortutako album ilustratuak poza du abiapuntu. Poza biribila da, barruan daramagun zurrunbiloa. Leunki ateratzen da askotan, haize epela bezala. Beste batzuetan, ordea, xirimolaka kanporatzen dugu, irri eta algaraka.
Forma aldetik, liburua biribila da.

Maite Mutuberriak idatzi eta ilustratu du Irrimola

 

Beste sarrera hauek ere interesgarriak izan daitezke