HH · 2023-10-19 · Ikaselkar
Irrimola, IBBYren 2024ko Ohorezko Zerrendan
Maite Mutuberriak sortutako «Irrimola» (Ikaselkar, 2021) aukeratu du OEPLI Espainiako Haur eta Gazte Liburuaren Erakundeak IBBYren 2024ko Ohorezko Zerrenda osatzeko, beste 8 libururekin batera.
Maite Mutuberriak idatzi eta ilustratutako «Irrimola» lanak 2022an Ilustrazioaren Euskadi Literatura saria jaso zuen. Orain, IBBYren (International Board on Books for Young People) 2024ko Ohorezko Zerrenda osatzeko OEPLIk hautatu dituen bederatzi liburuen artean dago, Ilustratzaileen kategorian.
IBBYren Ohorezko Zerrenda bi urtean behin osatzen da eta hiru modalitate jasotzen ditu: idazleak, ilustratzaileak eta itzultzaileak. Helburua liburu horiek ezagutaraztea eta zabaltzea da, baita horien itzulpenak eta atzerriko argitalpenak sustatzea ere.
2024an Triesten (Italia) egingo duen kongresuan aurkeztuko du IBBYk bere katalogoa eta herrialde guztietako lan hautatuak erakutsiko ditu. Ondoren, liburuak mundu osoko erakusketa eta liburu-azoketan izango dira.
Irrimola, liburu biribila
Maite Mutuberriak KUKU! emozio-programaren baitan sortutako album ilustratuak poza du abiapuntu. Poza biribila da, barruan daramagun zurrunbiloa. Leunki ateratzen da askotan, haize epela bezala. Beste batzuetan, ordea, xirimolaka kanporatzen dugu, irri eta algaraka.
Zorionak errekonozimendu berri honegatik, Maite!