HH · 2024-01-22 · Ikaselkar
KUKU! emozio-programaren ikastaroa hasi dute 21 hezitzailek
21 hezitzaile ari dira parte hartzen Ikaselkarrek antolatzen duen KUKU! emozio-programaren online ikastaroan, emozioak eta ahozkotasuna ardatz hartuta.
Haur Hezkuntzako hezitzaileei zuzenduta, Ikaselkar hezkuntza-argitaletxearen KUKU! emozio-programaren baitan sortu eta eskaintzen da online ikastaroa. Aurtengo ikasturtean bigarren aldiz egin da, eta 21 hezitzaile ari dira parte hartzen oraingoan. Aurrekoa joan den urrian egin zen eta 28 hezitzailek lortu zuten ikastaroa gainditzea, eta beraz, homologatutako ziurtagiria.
Sei moduluko ikastaroa da (40 ordu); askotariko baliabideak erabiliz, hala nola, ikus-entzunezkoak, testuak, bertsoak edota musika, norberaren ezagutzetatik eta eskarmentutik abiatuta, hausnarketa pertsonal eta profesionalera bideratzea du helburu.
Ikastaro honen bidez, partaideak KUKU! emozio-programa ikasgelan erabiltzeko trebatuko dira. Ondorengo edukiak landuko dituzte:
- Emozioak eta ahozkotasuna.
- Oinarrizko emozioen inguruko xehetasunak: poza, haserrea, beldurra, tristura, nazka eta sorpresa.
- Emozioak lantzeko berariazko baliabideak: album ilustratuak, horma-irudiak, emozio-txartelak, jolasak eta ikus-entzunezkoak.
- KUKU! emozio-programaren planifikazioa eta ebaluazioa.
Urtarrilaren 15ean eman diote hasiera ikastaroari eta martxoaren 22ra bitarteko epea izango dute partaideek berau osatzeko. Hala, gainditzen dutenek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren homologazio ziurtagiria jasoko dute.
KUKU! emozio-programa
KUKU! emozio-programa Haur Hezkuntzan oinarrizko emozioak lantzeko, norberarenak ezagutzeko, kudeatzen hasteko eta besteenak hobeto ulertzeko hezkuntza-programa da. HHko xedeari eusten dio programak, hau da, haurraren garapen integrala sustatzea du helburu nagusi. Haurra da hezkuntzaren protagonista. Ongizate emozional eta sozialean egiten du bereziki ekarpena, baina ez horretan bakarrik, ahozkotasuna edo hizkuntza ere oinarri-oinarrizko gakoa da.