HH · 2020-12-17 · IKASELKAR
Haurrekin emozioak lantzeko Kuku! bilduma

Partekatu
2 urtetik aurrerako haurrek euren emozioak ezagutzea, horiek erregulatzea eta besteenak hobeto ulertzea du helburu Kuku! emozio bildumak.
Bi urtetik aurrerako haurrek euren emozioak ezagutzea, erregulatzea eta besteenak hobeto ulertzea du helburu Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak sortu duen Kuku! emozio bildumak. Bildumaren baitan, haurrekin oinarrizko emozioak lantzeko baliabide sorta argitaratu da, hala nola, album ilustratuak, horma-irudiak eta emozio-txartelak. Pedagogian aditu diren profesionalek proposatutako edukietatik abiatuta sortu dira elementu hauek guztiak.
Poza, beldurra, haserrea, tristura, nazka eta sorpresa dira, hain zuzen ere, lantzen diren oinarrizko sei emozioak. Emozio bakoitzeko album ilustratu bat proposatuko du bildumak, beraz, sei ipuin, sei istorio; oraingoz bi argitaratu dira. Albumak bezala, horma-irudiak ere sei izango dira, emozio bakoitzeko bana. Behaketarako posterrak dira, ez apaingarri hutsak, emozioak lasai lantzeko; bi alde dituzte, hau da, bi horma-irudi dauzkagu batean. Oraingoz hiru argitaratu dira. Haurrei emozionalki adimentsuak izaten laguntzeko garrantzitsua da testuinguru aberats eta aproposak eskaintzea, eta horixe da Kuku! emozio bildumaren ekarpena.
Gainera, bilduma osatzen duten elementu guztiek QR kode bat dute eta, horien bitartez, guraso edota erabiltzaile izango diren heldu horiek informazio osagarria eskuratuko dute eskuetan duten elementu horren inguruan, bertan lantzen den emozioari buruzko argibideak edota erabileraren inguruan jarraibideak eskaintzen baitira.
HASERREA
Iñigo Astiz – Leire Salaberria
Iñigo Astizek eta Leire Salaberriak sortutako album ilustratuak haserrea du abiapuntu. Haserreak beldurrak uxatu eta mehatxuei aurre egiteko indarra ematen du. Baina arriskutsua ere izan daiteke. Mireiak inurriak gutxietsi eta bortizki zanpatu ditu. Baina inurriek ere, txikiak eta ia ikusezinak izanagatik, sufritzen dute, eta haserretzen dira.
Iñigo Astizek idatzi du Haserrea
Leire Salaberriak ilustratu du Haserrea
SORPRESA!
Agurtzane Ortiz Lopetegi – Enrique Morente
Agurtzane Ortiz Lopetegik eta Enrique Morentek sortutako album ilustratuak sorpresa du abiapuntu. Sorpresak izoztu egiten gaitu une batez, eta etorri den bezala azkar joaten da, beste emozio bati tokia eginez. Irudimen handiko mutikoa da Manex. Bere inguru lauso eta koloretsuari begira entretenitzen da, istorioak imajinatuz eta bazterrak marrazkiz betez. Baina sekulako sorpresak dauzka zain!
Agurtzane Ortizek idatzi du Sorpresa!
Enrique Morentek ilustratu du Sorpresa!
FIRIN-FARAN KALEJIRAN (Horma-irudia)
Mikel Santos “Belatz”
Mikel Santos “Belatz” (Iruñea, 1974) ilustratzaile eta komikigileak egin ditu Firin-faran kalejiran poza lantzeko bi horma-irudiak. Sentitu al zara inoiz arrotz zeure gorputzean? Orain pozik, orain haserre, orain triste edo beldur…. Eta ez dakizu zergatik? Emozioak dira. Entzun itzazu, sentitu itzazu; gauza garrantzitsu bat iristear dagoela ari zaizkizu esaten.
TIKILI-TOKOLO ZIRKUAN (Horma-irudia)
Mikel Valverde
Mikel Valverde (Gasteiz, 1966) marrazkigileak egin ditu Tikili-tokolo zirkuan beldurra lantzeko bi horma-irudiak. Zirkuan barre egiten dugu pailazoekin, zur eta lur uzten gaituzte magoek, harriduraz begiratzen diegu malabarista eta trapezistei… Baina gauza beldurgarriak ere badaude zirkoan. Ez da hala?
OINAK LURREAN PIL-PILEAN (Horma-irudia)
Gorka Aranburu
Gorka Aranburuk egin ditu Oinak lurrean pil-pilean tristura lantzeko bi horma-irudiak. Batzuetan gauzak ez dira nahi genituzkeen bezala ateratzen; batzuetan galdu dugun zerbaitengatik, edo bidegabekeria batengatik sufritzen dugu… Eta burumakur goaz; zulotxo bat egin, eta lur azpian nahi genuke sartu! Entzun! Zer da dardara hori? Lurpeko satorrek zerbait esan nahi ote digute?
EMOZIO-TXARTELAK
Mai Egurzarenak dira marrazkiak (Irun, 1986). Emozio-txartelak garapen emozionala eta soziala bultzatu eta indartu nahi duten guztiei zuzenduta daude. 18 txartel dira, bi aldeetatik. Ilustrazio eder eta zainduen bidez, emozioak identifikatzeko eta istorioak sortzeko aukera ematen dute. Edozein hizkuntzatan, familian nahiz eskolan, bakarka nahiz taldean… jolaserako txartelak dira.