Bloga

«Irrimola haurtzarotik literaturara sartzeko ate bat da. Jolaserako eta alaitasunerako oda bat»

HH · 2022-10-13 · Ikaselkar

Partekatu

Literatura Lanaren Ilustrazioaren Euskadi Saria irabazi du Maite Mutuberriak KUKU! emozio-programako Irrimola album ilustratuarekin.

Maite Mutuberriak Kuku! emozio programarako sortutako Irrimola album ilustratuak irabazi du Literatura Lanaren Ilustrazioaren 2022ko Euskadi Saria. Oinarrizko sei emozio lantzeko Haur Hezkuntzara bideratutako emozio-programa da KUKU! eta emozio horietako bat, poza, hain zuzen ere, du abiapuntu Irrimola albumak. 

Javier de Isusi, Maria Altuna, Jon Mantzisidor, Yolanda Mosquera eta Miren Asiain izan dira epaimahaikideak, eta Mutuberriaren lanak album ilustratuaren kontzeptua «beste dimentsio batera» eramaten duela azpimarratu dute: «Ilustrazioen atzean landutako kontzeptu bat dago, baliabide grafikoen erabilera egokiarekin batera, irakurtzeko geruza eta modu desberdinak indartzen dituena». Epaimahaiaren ustez, «Irrimola haurtzarotik literaturara sartzeko ate bat da. Jolaserako eta alaitasunerako oda bat».

Azaroaren 24an, Donostian, Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan, egingo da sari banaketa ekitaldia.

  • Maite Mutuberria, Irrimola (Ikaselkar, 2021)