Bloga

Ilustrazioaren Euskadi Literatura saria jaso du Maite Mutuberriak

HH · 2022-11-25 · Ikaselkar

Partekatu

Maite Mutuberriak Euskadi literatura saria jaso du Donostian, Tabakaleran egindako ekitaldian. Mutuberria Kuku! emozio-bildumarako Ikaselkarrek argitaratutako Irrimola liburuagatik izan da saritua, literatur lanaren ilustrazioaren modalitatean.

Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan, Donostian, egin zen atzo Euskadi Literatura sariak banatzeko ekitaldia. Ilustrazioaren modalitatean Maite Mutuberriak jaso du garaikurra KUKU! emozio-bildumarako Ikaselkarrek argitaratutako Irrimola liburuagatik.

Mutuberriarekin batera, Uxue Apaolaza, Leire Bilbao, Irati Jimenez eta Koro Navarro izan dira aurtengo euskarazko Euskadi literatura saria jaso dutenak. Gaztelerazko kategorietan Edurne Portelak eta Teresa Maldonadok jaso dute aitortza. Zazpi sarituek Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik jaso zituzten garaikurrak.

Maite Mutuberria, literatur lanaren ilustrazioa Euskadi Literatura saria 2022

Epaimahaiak ikusitako merituak: Irrimola album ilustratuaren kontzeptua beste dimentsio batera eramaten duen lan bat da, formatu zirkularrean diseinatutako liburu-objektu bat, zeinaren konposizioak esperimentazioa eta irakurketarekin jolastea ahalbidetzen duen. Ilustrazioen atzean landutako kontzeptu bat dago, baliabide grafikoen erabilera egokiarekin batera, irakurtzeko geruza eta modu desberdinak indartzen dituena. Gainera, irudien plangintzak zirkuluaren geometriaren errepikapena baliatzen du beste erreferentzia batzuk gogora ekarriz, hala nola planisferioa edo zootropoak, eta haien irakurketa eta berrirakurketa beti bestelako plazer bihurtzen du, liburua lan agortezin bihurtzen duena.

Irrimola haurtzarotik literaturara sartzeko ate bat da. Jolaserako eta alaitasunerako oda bat.