Bloga

Urtxintxa proiektuko haur-kantak modu irekian entzungai jarri ditu Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak

HH · 2022-10-03 · Ikaselkar

Partekatu

Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak HHko Urtxintxa proiektuaren baitan sortutako disko eta abesti guztiak modu irekian entzungai jarri ditu. Hala, aurrerantzean Urtxintxako musika-eduki osoa plataforma digital ezagunenetan topatu ahal izango da.

3 eta 6 urte arteko haurrei zuzendutako hezkuntza proiektua da Urtxintxa. HHko proposamenak, besteak beste, musika ere eskaintzen du, eta orain Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak haur-kanta horiek guztiak modu irekian entzungai jarri ditu.

Helburu garbia du ekimenak: haurrentzako euskarazko musikak formatu berrietan ere bide egitea eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioari eustea, bai hezkuntzan bai familian. 

9 musika-bilduma

Haur Hezkuntzako maila bakoitzean (3 urte, 4 urte eta 5 urte) eta hiruhileko bakoitzeko musika-bilduma bat eskaintzen du Urtxintxak. Guztira, bederatzi dira proiektuak biltzen dituen disko edo bildumak. 

Bilduma bakoitzean, Ttantto, Txirritx eta Xango pertsonaien abestiez gain, mugimendua, kantua, dantza eta erritmoa lantzeko zein jolaserako kantak ere eskaintzen dira. Horien artean, euskal tradizioko abestiak daude, asko eta asko Imanol Urbieta musikagileak sortutakoak, baita musika klasikoa ere, Euskal Herriko zein atzerriko konpositoreen doinuak. Bataz beste, ordubeteko entzunaldia eskaintzen du bilduma bakoitzak.

Abesti hauek belaunaldi ezberdinetako milaka haurren haurtzaroaren zati izan dira. Aurrerantzean Urtxintxako musika-eduki osoa plataforma digital ezagunenetan topatu ahal izango da, Spotify edota Youtuben, besteak beste.

Ikaselkar hezkuntza argitaletxearen Youtubeko kanalean, esaterako, aurki daitezke HH 3, 4 eta 5. mailako proposamenetako kanta-bildumak: