DBH · 2026-02-09 · Ikaselkar
Otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren bueltan, Zientzialariak bildumako komiki gomendioak bildu ditugu.
Zientziaren historian izan diren zientzialari eta pentsalari handienen bizitzak eta lorpenak haur eta gazteei gerturatzea du helburu Ikaselkar hezkuntza-argitaletxearen Zientzialariak bildumak.
Itzal handiko izenak aurki ditzakegu azken urteotan argitara emandako komiki-bilduman, eta Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, emakume zientzialarien lana agerian jarri nahi du Ikaselkarrek, haur eta gazteek, bereziki neskek, emakume zientzialarien erreferenteak izan ditzaten.
LH 5etik aurrerako ikasleentzat gomendatutako bilduma da.
Hona gure gaurko komiki gomendioak:
- Hipatia. Egia matematikan.- Hipatia matematikari aparta eta filosofo grinatsua izan zen. Bere lanei esker matematika eta astronomia eguneratu eta berrikusi ziren.

- Ada Lovelace. Zenbakien liluratzailea.- Bere matematika ezagutzei eta adimen sortzaileari esker, Lovelacek algoritmo bat idatzi zuen, Babbageren makina analitikoak pertsonen inolako parte-hartzerik gabe kalkuluak egin zitzan. Askorentzat historiako lehen programa informatikoa izan zen formula matematikoa, hain zuzen.

- Mary Anning. Herensuge-ehiztaria.- Lurrak milioika urte zituela eta bertan gizakia agertu baina askoz lehenago izaki ezezagunak eta harrigarriak bizi izan zirela zioten ideia sendotzen lagundu zuten bere aurkikuntzek. Mary Anningek tonaka arroka irauli zituen haietan iraganeko herensugeen zantzuak topatzeko.

Helburu bikoitza du Zientzialariak egitasmoak: batetik, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta, horri lotuta, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta, bestetik, haurrak eta gazteak zientziara gerturatzea, historian zehar izan diren zientzialari eta pentsalari handien biografiak eta lorpenak modu atseginean eta entretenigarrian kontatuz.
Zientzialariak bilduma
Jordi Bayarri egile eta marrazkilariak sortu ditu bildumako komikiak, eta Maialen Berasategik itzuli ditu euskarara.
Hauxe da bilduma osatzen duen hamaikakoa:
- Newton. Grabitatea ekinean.
- Marie Curie. Radioaren aktibitatea.
- Galileo. Izarren mezularia.
- Darwin. Teoriaren eboluzioa.
- Aristoteles. Jakiteko irrika.
- Hipatia. Egia matematikan.
- Ada Lovelace. Zenbakien liluratzailea.
- Einstein. Jauzi kuantikoa.
- Mary Anning. Herensuge-ehiztaria.
- Pasteur. Mikrobioen iraultza.
- Koperniko. Unibertsoaren erdigunea.
.jpg)

