DBH · 2025-02-25 · Ikaselkar
DBHrako diziplinarteko egoera berriak, prest

Diziplinarteko egoeretan trebatzen ari diren irakasleentzako, edota dagoeneko eremuka lanean dabiltzan ikastetxeentzako, 7 diziplinarteko proposamen sortu ditu Ikaselkarrek DBHrako.
Diziplinarteko egoera berriak eskuragarri daude Saioka ingurune digitalean.
Ikasgaiak elkarren artean uztartu eta diziplinarteko egoeretan trebatzen ari diren irakasleentzako, edota dagoeneko eremuka lanean dabiltzan ikastetxeentzako, diziplinarteko egoera berriak sortu eta eskuragarri jarri ditu Ikaselkarrek.
Zer dira diziplinarteko egoerak?
Diziplinartekotasunaren kontua ez da berria hezkuntzan. Hezkuntza-eredu honen onurak mintzagai izan dituzte maiz adituek. Esaterako, Jean Piagetek zioen ikaskuntza prozesu interaktiboa dela, eta haurrek munduaren ulermena ezagutza arlo desberdinak aztertuz eta horiek konektatuz eraikitzen dutela.
Diziplinarteko egoerek, ikaskuntza-gaiak zatika eta diziplinaka landu beharrean, ezagutza arlo bat baino gehiago uztartzen dute, errealitateko egoera edo arazo konplexuei aurre egiteko helburuarekin. Horrek esan nahi du ikasleek hainbat diziplinatako ezagutza espezifikoak eskuratu eta konpetentziak garatu beharko dituztela arazoak ebazteko eta beren inguruko mundua ulertzeko ikuspegi desberdinak integratzeko eta aplikatzeko.
Diziplinartekoen onurak eta erronkak
Egun ezinbesteko ditugun trebetasun eta konpetentziak eskuratuko dituzte ikasleek diziplinarteko egoeren bidez, hala nola, pentsamendu kritikoa, komunikazio eraginkorra eta sormena.
Esaterako, DBH 2. mailako proposamenetako batean, Ijito edo payo, denok elkarrekin, helburu nagusia ijitoen herriaren errealitatea aztertuz eta gogoetaren bidez kulturen arteko bizikidetza hobetzeko bideak aurkitzea izango da.
Diziplinarteko egoeretan ikaskuntza-metodologia aktiboak baliatzen dira, eta metodologia horiek ikasgelan aplikatzeak abantaila asko eta askotarikoak ditu:
- Pentsamendu kritikoa garatzen da.
- Ikaslea motibatzen da bere ikaskuntza-prozesuan.
- Ikaslea elementu aktibo eta ardatz bihurtzen da ikaskuntza-prozesuaren barruan.
- Ikasleen interesak eduki akademikoekin lotzen dira.
- Ikaslearen autonomia bultzatzen da bere ikaskuntza-prozesuan.
- Parte-hartzea, eztabaida eta lankidetza indartzen dira, eta ikasleak pertsona erabakigarriagoak bihurtzen dira.
- Trebetasun sozialak eta komunikazio-gaitasunak hobetzen dira.
- Ikaskuntza errazten da ikerketaren eta aurkikuntzaren bidez.
- Kontzeptuak atxikitzen laguntzen da.
- Ikasleek beren irizpidea garatzen dute.
Aniztasunari erantzuten dieten diziplinartekoak
Dizplinarteko egoerak sortzerakoan IDU - Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalaren printzipioak eta ildoak hartu ditugu oinarritzat, ikasle guztien parte hartzea eta arrakastaz aritzeko aukera bermatuz.
Ondorengo irizpide hauek hartu dira kontuan, besteak beste:
- Egoerak ahalik eta errealenak eta ikaslearentzat hurbilenak izatea.
- Ikasleari feedbacka ematea, ikasleen ikaskuntza-prozesuan ahalegina eta motibazioa iraunarazten laguntzen duelako eta ikaskuntzari zentzua ematen diolako.
- Autorregulazio- eta autoebaluazio-estrategiak sistematikoki lantzea, ikaskuntza-helburuak lortzeko beharrezkoa baita ikaskuntza-prozesua bera kontziente egitea, hausnarketa sustatuz.
- Adierazpen sinbolikoak bestelako moduetan (irudi, diagrama, bideo, etab.) eskaintzea.
- Helburuak eta lorpen-adierazleak bistaratzea.
- Jarraitu beharreko urratsak sekuentziatzeko eta lanak denboran banatzeko tresnak eskaintzea: planifikazio-taulak, errubrikak, kontrol-zerrendak, etab.)
- Ikasleak ebaluazioan inplikatzeko tresnak erabiltzea: autoebaluazioa, koebaluazioa eta feedbacka.
Diziplinarteko egoerak ikasgelara nola eraman?
Diziplinartekoak baliabide didaktiko aparta dira ikasgelatik harago bizitzako erronkei aurre egiten ikasteko eta pertsonaren garapenean laguntzeko. Hala, Ikaselkarrek 7 diziplinarteko proposamen sortu eta irakasleen esku jarri ditu Saioka ingurune digitalean.
Kontuan hartzekoa da irakasleen arteko koordinazioa eta elkarlana ezinbestekoak direla, besteak beste, egoeraren gelaratzea planifikatzeko eta ebaluatzeko.
Ikus ditzagun proposamenak xeheago:
1. Abenturak eta kalenturak.
Euskara eta Gizarte zientziak arloak uztartzen ditu. 6-8 orduko lanketa aurreikusten da.
Xedea: Ikasleak hainbat ingurune eta pertsona deskribatzeaz gain, ingurune horiei buruzko balioespenak egin eta aurkezten ditu, ezaugarri fisikoak aztertuz eta Gizarte Zientzien berariazko adierazpen-moduak erabiliz.
2. Gaztelugatxeko harrien sekretuak.
Naturaren zientziak eta English arloak uztartzen ditu. 6-8 orduko lanketa aurreikusten da.
3. Polena, txikia bezain preziatua.
Euskara eta Naturaren zientziak arloak uztartzen ditu. 6-8 orduko lanketa aurreikusten da.
Xedea: Ikasleak, bizidunen aniztasunarekin erlazionatutako arazo baten inguruan gidatutako ikerketa baten galderak formulatuz eta esperimentazioaren informazio-iturriak erabiliz, arazoen kausak eta ondorioak identifikatzen eta esplikatzen ditu, edukia deskribapen-sekuentziaren egituraren baitan antolatuz, era horretan, herritarrek kontzientzia har dezaten gaiarekiko.
4. Auzolagun edo auzilagun?
Euskara eta Matematika arloak uztartzen ditu. 6-8 orduko lanketa aurreikusten da.
Xedea: Ikasleak eraginkortasunez parte hartzen du bizitzako eremu ugarietako egoerei lotutako gertakizunen zein fikziozkoen inguruko solasaldietan, eta, ahoz zein idatziz, haiei buruzko egoki eta zuzen justifikatutako proposamenak egiten eta txosten tekniko batean biltzen ditu, zeharkako neurketei eta magnitudeen eta zoriaren faktoreei buruzko beharrezko informazioa emanez eta emaitzak baloratuz.
5. Etxe bat kulturarentzat.
Euskara, Naturaren zientziak eta Matematika arloak uztartzen ditu. 8-10 orduko lanketa aurreikusten da.
Xedea: Ikasleak erabilera anitzeko gune baten diseinua proposatzen du, espazioaren banaketa eta hautatutako materialen ezaugarriak azalduz eta gunea inklusiboa, segurua, sendoa eta iraunkorra izango dela arrazoi sendoekin argudiatuz.
6. Ijito edo payo, denok elkarrekin.
Gizarte zientziak eta Matematika arloak uztartzen ditu. 6-8 orduko lanketa aurreikusten da.
Xedea: Ikasleak hainbat gizatalderen bizikidetza sustatzeko proposamena egiten du, informazio fidagarrian oinarrituz, argudiaketa egokiak eginez, datu estatistikoetan oinarrituz eta ondorioak nahiz bizikidetza hobetzeko iradokizunak enpatiaz adieraziz.
7. Zer esana dugu, entzun gaitzazue!
Euskara, Fisika-Kimika eta Geologia-Biologia arloak uztartzen ditu. 10 ordu aurreikusten ditugu, astebetez, gutxi gorabehera, hiru arloetako orduak diziplinarteko egoera hau egitera bideratuz.
Xedea: Ikasleak, bizitzako eremu zientifikoko gai baten inguruko ikerketa zientifikoa egiten du, elkarlanean arituz eta informazio iturri desberdinak baliatuz, eta ondorio horietan oinarrituta haiei buruzko egoki eta zuzen justifikatutako iritzia ematen du, errealitate hori gizarteari esplikatzeko. edukiaren komunikazioan kode desberdinak integratuz.
Diziplinarteko egoera berri hauen inguruan informazio gehiago jaso nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan eta gelan nola landu ditzakezun azalduko dizugu.