Bloga

Kimu bildumako 'Itsas haizea dabil' eta 'Galdu dena azaldu dadila!' liburuak saritu dituzte irakurleek JUUL 2025 hauteskunde literarioetan

LH · 2025-04-03 · Ikaselkar

Partekatu

JUUL hauteskunde literarioak egin dituzte Euskal Herriko ikastoletan eta 6-8 urte arteko kategorian Kimu proiektuaren baitan sortu ditugun «Itsas haizea dabil» eta «Galdu dena azaldu dadila!» album ilustratuak daude bozkatuenen artean. (Argazkia: NIE)

Beste urte batez, Euskal Herriko ikastoletako haur eta gazteek gehien gustatu zaizkien liburu eta ilustratzaileak aurkeratu dituzte JUUL hauteskunde literarioetan. 

6 eta 8 urte bitarteko ikasleen artean, Ikaselkar hezkuntza-argitaletxearen bi liburu saritu dituzte irakurleek: Junkal Lertxundi Ikaselkarreko lankide eta idazleak eta Asier Iturralde Gaston ilustratzaileak sortu duten "Itsas haizea dabil" eta Garazi Kamiok idatzitako eta Julen Ribasek ilustratutako "Galdu dena azaldu dadila!".

Bi album ilustratuak Lehen Hezkuntzako Kimu Euskara eta literatura proiektuaren baitan lantzen diren obra literarioen artean daude, eta biek ala biek bigarren urtez eskuratu dute JUUL saria.

JUUL kanpainak Haur eta gazteen artean euskaraz irakurtzeko zaletasuna piztea du helburu.

ITSAS HAIZEA DABIL

Junkal Lertxundi - Gaston

Arraitarrak senide askoko familia dira: abeslariak, akrobatak, gozogileak, jostunak… denetik dago etxean. A zer zalaparta familia horretakoa! Telmok, etxeko txikiak, serio begiratzen die denei eta itsas haizea dabilenean bakarrik alaitzen zaio begitartea. Zergatik ote?

GALDU DENA AZALDU DADILA!

Garazi Kamio - Julen Ribas

Garazi Kamiok eta Julen Ribasek hitzak eta irudiak elkartu dituzte helduak galdu zaizkien lau umeren pasadizoak kontatzeko. Eskutik ondo heldu eta adi egoteko esan dieten arren, hirian desagertu dira Olaiaren ama, Ekhiren aita, Lukaren amonak eta Miaren osaba. A zer despistatu-kuadrilla! Eta orain zer? Nondik hasi bila?