Bloga

Bi album ilustratu berri Kimu bildumaren baitan

LH · 2021-03-12 · IKASELKAR

Partekatu


Irakurtzen eta idazten ikasten ari diren 5 urtetik gorako umeei zuzenduta, “Galdu dena azaldu dadila!” eta “Loinatzen loa” liburuak batu dira Kimu bildumara.

Haurrentzat bi album ilustratu berri argitaratu ditu Ikaselkarrek Kimu bildumaren baitan, "Galdu dena azaldu dadila!" eta "Loinatzen loa". Kimu bildumak hitzarekin jolas egitea du helburu. Irakurtzen eta idazten ikasten ari diren 5 urtetik aurrerako umeei zuzenduta dago; literatura lanak oinarri hartuta, testuen zein marrazkien irakurketaren bidez ahozkotasuna ere landu daiteke.

Honenbestez, lau dira dagoeneko Ikaselkarrek Kimu bilduman plazaratu dituen liburuak. 2020ko azaroan abiatu zen, Juan Kruz Igerabideren eta Ainara Azpiazuren "Nire gorputzean bizi naiz" eta Alaine Agirreren eta Irrimarraren "Badauzkat nire zulotxoan…" lanen argitalpenarekin.

 
GALDU DENA AZALDU DADILA!
Garazi Kamio – Julen Ribas   

Garazi Kamiok eta Julen Ribasek hitzak eta irudiak elkartu dituzte helduak galdu zaizkien lau umeren pasadizoak kontatzeko. Eskutik ondo heldu eta adi egoteko esan dieten arren, hirian desagertu dira Olaiaren ama, Ekhiren aita, Lukaren amonak eta Miaren osaba. A zer despistatu-kuadrilla! Eta orain zer? Nondik hasi bila?

 

LOINATZEN LOA
Castillo Suarez – Mikel Antero

Castillo Suarezek idatzi eta Mikel Anterok ilustratu du “Loinatzen loa” albuma. Ondoezik eta burukominez esnatu den Loinatzen istorioa kontatzen du. Gaixo denez, ohean gelditu da goxo-goxo, nahi adina lo egiteko asmotan. Etxeko tramankuluek, ordea, hankaz gora jarriko dute Loinatzen loa. Makinen hizkuntza zaratatsua da gero!