Bloga

Beste bi liburu Kimu ipuin-bilduman: "Tik, bakarrik. Tak ikarak" eta "Itsas haizea dabil"

LH · 2022-01-26 · Ikaselkar

Partekatu

Patxi Zubizarreta eta Maite Gurrutxagaren “Tik, bakarrik. Tak, ikarak” eta Junkal Lertxundi eta Gastonen “Itsas haizea dabil” liburu berriak plazaratu ditu Ikaselkarrek lehen irakurleei zuzenduta (6 urtetik aurrera).

Kimu bildumako bi liburu berri aurkeztu ditu Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak: “Tik, bakarrik. Tak, ikarak”, Patxi Zubizarretak idatzia eta Maite Gurrutxagak ilustratua, eta “Itsas haizea dabil”, Junkal Lertxundik idatzia eta Asier Iturralde Gastonek ilustratua.

Lehen irakurleei zuzenduta dago Kimu ipuin-bilduma, 5-6 urtetik aurrerako umeei. Mundua zein gizakia ulertzen eta ezagutzen, eta irudimena eraikitzen eta lantzen bidelagun izan nahi du. Hitzen eta irudien bidez, irakurle gaztetxoenak entretenitu, irakurketan trebatu, hizkuntzan aberastu eta arteaz gozatzen irakastea ere badu helburu.

Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak 2020ko azaroan abiatu zuen Kimu bilduma, eta ordutik bederatzi liburu argitaratu ditu. Bilduma honetakoak dira honako beste ale hauek ere: Nire gorputzean bizi naiz, Juan Kruz Igerabidek idatzia eta Ainara Azpiazu Axpik ilustratua; Badauzkat nire zulotxoan…, Alaine Agirrek idatzia eta Irrimarrak ilustratua; Galdu dena azaldu dadila!, Garazi Kamiok idatzia eta Julen Ribasek ilustratua; Loinatzen loa, Castillo Suarezek idatzia eta Mikel Anterok ilustratua; Familia xelebrea, Anjel Lertxundik idatzia eta Jokin Mitxelenak ilustratua; Letren jolaslekuan, Yolanda Arrietak idatzia eta Eider Eibarrek ilustratua; eta Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan, Xabier Olasok idatzia eta Sandra Garayoak ilustratua.

 

TIK, BAKARRIK. TAK, IKARAK

Patxi Zubizarreta - Maite Gurrutxaga

Bat-batean, amona gaixotu egin dela eta, etxean bakarrik geratu dira bi anai-arreba. Bakar-bakarrik. Eta, denborak aurrera egin ahala, beldurra areagotu egingo zaie. Tik, bakarrik. Tak, ikarak. Orduan, beldurrari aurre egiteko trikimailuak jarriko dituzte martxan. Eta zu bakarrik geldituko bazina, zer egingo zenuke? Nola sentituko zinateke? Tik, bakarrik? Tak, ikarak?

Maite Gurrutxaga ilustratzailea eta Patxi Zubizarreta idazlea, "Tik, bakarrik. Tak, ikarak" liburuaren sortzaileak

ITSAS HAIZEA DABIL

Junkal Lertxundi - Gaston

Arraitarrak senide askoko familia dira: abeslariak, akrobatak, gozogileak, jostunak… denetik dago etxean. A zer zalaparta familia horretakoa! Telmok, etxeko txikiak, serio begiratzen die denei eta itsas haizea dabilenean bakarrik alaitzen zaio begitartea. Zergatik ote?

Asier Iturralde 'Gaston' ilustratzailea eta Junkal Lertxundi idazlea, "Itsas haizea dabil" liburuaren sortzaileak