Hezkuntza · 2025-02-12 · Ikaselkar
Testuliburuak hezkuntzan. Kalitatezko ikasmaterialen garrantzia ikasleen garapenean

Hezkuntza-materialak funtsezkoak dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan; ikasteko tresna soila baino gehiago, ikasleen garapen integralerako material baliagarritzat ditugu.
Gaur egun baliabide didaktiko interesgarri ugari ditugu eskura ikasleen heziketa prozesua osatu eta sendotzeko. Klik bakarrera informazio eta proposamen osagarri aukera zabala dugu. Hala eta guztiz ere, testuliburuek oinarrizko lan-tresna izaten jarraitzen dute ikastetxeetan.
Argitaletxeek eskaintzen dituzten ikasmaterialek ziurtasuna ematen diote irakasleari, ikasgaien antolaketa, horiek irakasteko denbora eta jardueren aniztasuna eskainiz, besteak beste.
Ikus dezagun zer abantaila edo onura dakarzkiguten testuliburuek gaur egungo hezkuntza beharretara egokitzeko.
Denbora
Irakasleak bete-betean bere denbora eta ahalegina eskaini diezaioke bere egiteko nagusia den horri: ikasleen irakaskuntza prozesua. Horrek eragina du ikasleek jasotzen duten hezkuntzaren kalitatean.
Edukien egokitasuna
Edukiak ordenatzen laguntzen dute testuliburuek, diziplinartekotasuna erraztuz. Gainera, koherentzia eta sendotasuna ematen diote heziketa-jarduerari.
Kalitate pedagogikoa
Testuliburuak hezkuntzan eta pedagogian aditu diren lantalde espezializatuek sortuak dira, eta horretarako kontuan izaten dituzte, etapaz etapa, ikasleen irteera profila eta eduki curricularrak. Horrek bermatzen du edukia egokia, esanguratsua eta eraginkorra izatea ikasleen hezkuntza-garapenerako.
Araudietara egokitzea eta eguneratzea
Tokian tokiko curriculum ofizialek zehazten dituzten helburuak betetzen dituztela eta materialak eguneratuta daudela ziurtatzen dute argitaletxeek. Halaber, ikasmaterialek lekuan lekuko kultur eta hizkuntza elementuak jaso ditzakete. Ikasmaterial proposamen orok du bere baitan sortzaileen kultur ikuspegia; Ikaselkar hezkuntza-argitaletxearen kasuan, esaterako, Euskal Herriko begirada da ardatza.
Ikaskuntza-tresna integratuak
Eskola-materialak gaur egun askotarikoak dira eta molde eta formatu desberdinetan eskaintzen dira. Testuliburuek baliabide osagarriak biltzen dituzte, hala nola, aplikazio eta ingurune digitalak, baliabide interaktiboak eta irakaslearentzako gidak, besteak beste. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua aberatsagoa eta dinamikoagoa egiteaz gain, ikasleen beharretara egokitzeko aukera ematen du horrek, gelako aniztasunari erreparatuz.
Irakurketa eta pentsamendu kritikoa sustatzen dute
Ondo idatzi eta egituratutako testuek irakurtzeko trebetasuna eta pentsamendu kritikoaren garapena sustatzen dute. Testuliburuetako jarduera-sortak gaur egunean funtsezko trebetasun diren analisirako eta hausnarketarako akuilu dira.
Finean, testuliburuak tresna baliotsuak dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan. Hori dela eta, funtsezkoa da kalitatezko ikasmaterialen aldeko hautua egitea, testuliburuen indarguneak aztertzea eta bereizten jakitea. Hezkuntza-materialek, ikasleei ez ezik, irakasleei ere laguntzen baitiete eguneroko lanean.
Ikaselkar hezkuntza-argitaletxean sortu eta eskaintzen ditugun ikasmaterialak aztertu nahi badituzu, jarri lasai gurekin harremanetan:
943 22 58 76 · ikaselkar@ikaselkar.eus