Hezkuntza · 2026-10-30 · Ikaselkar
Ezagutu EKI ikastaroaren lehen txanda, arrakastaz amaituta

Irailean eta urrian egin den Ezagutu EKI online ikastaroaren lehen txandak emaitza bikainak utzi ditu: matrikulatutako irakasle guztiek amaitu eta gainditu dute formazioa. Ikastaroaren ibilbidean lehen aldiz lortu dugu emaitza hori, eta poz handiz jaso dugu.
Ezagutu EKI ikastaroa EKI proiektuaren oinarriak, unitate didaktikoen egitura eta ebaluazioa sakonago ezagutu nahi dituzten irakasleei zuzendutako online formazioa da. Konpetentziak garatzeko eta ebaluatzeko gakoak lantzen ditu, EKIren proposamen pedagogikoa hobeto ulertzeko eta eguneroko irakaskuntza-jardunean aplikatzeko.
Parte-hartzaileen esperientzia eta balorazioak
Irakasleen balorazioak oso positiboak izan dira. Askok azpimarratu dute ikastaroak EKIren planteamendua osotasunean ulertzen lagundu diela, jarduerak, unitate didaktikoen faseak, ebaluazioa eta egutegia elkarren artean nola lotzen diren ikusteko aukera emanez.
LHko irakasle batek, esaterako, ikastaroak materialaren atzean dagoen ikuspegi pedagogikoa ulertzeko egin dion ekarpena nabarmendu du:
«Ikastaroak ez dit EKIren materiala erabiltzen bakarrik lagundu; materialaren atzean dagoen logika pedagogikoa eguneratzen lagundu dit».
Beste parte-hartzaile batzuek ebaluazio hezitzailearen eta egiaztatzailearen arteko aldea argitzea baloratu dute, baita bideorria osatzeko aukera ere. Azken hori tresna baliagarria izan zaie jardueren arteko loturak ikusteko eta saioak aurrez planifikatzeko. Ikastaroak EKI materialaren metodologia bera jarraitzen du, eta parte-hartzaileek koherentzia hori ere eskertu dute.
Hala azaldu du LHko beste irakasle batek:
«Jarduera bakoitzak badu bere funtzioa, unitatearen fase bakoitzak bere zentzua, eta ebaluazioa ez da amaieran egiten den zerbait, ikaskuntza-prozesu osoan txertatzen den tresna baizik».
DBHko irakasleek, berriz, formatuaren malgutasuna nabarmendu dute: norberaren erritmoan aritzeko aukera, amaierako entrega-data bakarra, bideo bidezko azalpenak eta aurrez prestatutako bideorri-adibidea. Saioka plataforma hobeto ezagutzeko aukera ere baliagarritzat jo dute, bereziki ikasleen ebaluazioari begira. Era berean, tutorearen prestutasuna eta zalantzei erantzuteko azkartasuna eskertu dituzte.
Ikasleen ikuspegitik ikastaroa egiteko aukera ere oso lagungarria izan da DBHko irakasle batentzat:
«Ikasleen rolean jarrita, askoz hobeto ulertzen dut haiek nola landu dezaketen materia guztia».
Bigarren txanda, urtarrilean eta otsailean
Lehen txanda honetako esperientziatik eta parte-hartzaileen ekarpenetatik abiatuta, hurrengo edizioak hobetzen jarraituko dugu. Jasotako iradokizunen artean daude jarraipen-saio gehiago eta adibide praktiko gehiago eskaintzea.
Ezagutu EKI ikastaroaren bigarren txanda urtarrilean eta otsailean egingo da.
EKIren proposamen pedagogikoa sakonago ezagutu nahi duten irakasleek aukera berria izango dute, beraz, formazio honetan parte hartzeko.
Ikaselkarreko webgunean informazio gehiago.
Beste sarrera hauek ere interesgarriak izan daitezke
Hezkuntza · 2026-10-30
Oparitu IRRIA. Irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina berezia.
Hezkuntza · 2026-10-30
Hitzulipurdika iritsi da! Hizkuntzarekin jolasteko koaderno berria
Hezkuntza · 2026-04-29
"Jolasa tresna bikaina da ikasteko. Horregatik sortu ditugu KILI KILI ipuin jostagarriak" | Mikel Antia

