LH · 2023-02-14 · Ikaselkar
Nerea Ibarzabalek eta Higinia Garayk sortu dute Kimu bildumako album ilustratu berria: Jakelinen egunerokoa
"Jakelinen egunerokoa" argitaratu du Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak Kimu bildumaren baitan, Nerea Ibarzabalek idatzia eta Higinia Garayk ilustratua.
Haur irakurle hasiberriari begira, argitalpen berria aurkeztu du Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak: "Jakelinen egunerokoa", Nerea Ibarzabalek idatzia eta Higinia Garayk ilustratua. Kimu ipuin-bildumaren baitan argitaratu da liburu berria.
Kimu ipuin-bilduma 5-6 urtetik aurrerako umeei zuzenduta dago. Hitzen eta irudien bidez, irakurle gaztetxoenak entretenitu, irakurketan trebatu, hizkuntzan aberastu eta arteaz gozatzen irakastea du helburu.
Hain zuzen ere, Kimu du izena Lehen Hezkuntzako 1-2-3. mailetarako Ikaselkarrek sortu duen hezkuntza-proiektuak. Ikasmaterialen artean, besteak beste, obra literarioak aurki daitezke, bai eskolan, bai etxean irakurtzeko.
Nerea Ibarzabal — Higinia Garay
Jakelin guraso eta anaia txikiarekin bizi da. Oso neskatila irudimentsua da. Egun batean, afalorduan, ustekabeko aurkikuntza egingo du: bere familia ez da bere benetako familia, beste mundu batetik dator, beste planeta batetik. Hortik aurrera, sekulakoak egingo ditu bere jatorrizko etxera itzultzeko.
Nerea Ibarzabal Salegik idatzi du Jakelinen egunerokoa
Higinia Garay Zaratek ilustratu du Jakelinen egunerokoa
- BIDEOA: Nerea Ibarzabal · Jakelinen egunerokoa:
Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak 2020ko azaroan abiatu zuen Kimu bilduma, eta ordutik hamaika liburu argitaratu ditu:
- "Nire gorputzean bizi naiz", Juan Kruz Igerabide – Ainara Azpiazu Axpi.
- "Badauzkat nire zulotxoan…", Alaine Agirre – Irrimarra.
- "Galdu dena azaldu dadila!", Garazi Kamio – Julen Ribas.
- "Loinatzen loa", Castillo Suarez – Mikel Antero.
- "Familia xelebrea", Anjel Lertxundi – Jokin Mitxelena.
- "Letren jolaslekuan", Yolanda Arrieta – Eider Eibar.
- "Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan", Xabier Olaso – Sandra Garayoa.
- "Itsas haizea dabil", Junkal Lertxundi – Asier Iturralde Gaston.
- "Tik, bakarrik. Tak, ikarak", Patxi Zubizarreta – Maite Gurrutxaga.
- "Itzal itzela", Leire Bilbao – Yolanda Mosquera.
- "Zarata DO maiorrean", Iban Barrenetxea.
- "Jakelinen egunerokoa", Nerea Ibarzabal – Higinia Garay.