Hezkuntza · 2025-03-04 · Ikaselkar
Musika ondarearen transmisioa

Berriki aurkeztu da Mikel Markezek eta Pako Aristik sortutako Gora Euskal Kantagintza gida didaktikoa.
Ikaselkar hezkuntza-argitaletxearen EKI DBHko Musika arloak ere ondare musikalaren transmisioa du helburu, besteak beste. Lehen Hezkuntzarako EKI Musikako proposamena 2026-27 ikasturterako izango du prest Ikaselkarrek.
Mikel Markezek eta Pako Aristik Gora Euskal Kantagintza gida didaktikoa sortu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Eskola programaren barruan kokatzen da, eta 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Euskal musika eta kultura-ondarea ezagutaraztea eta balioestea du helburu.
Gidari esker, euskal kantagintzaren perspektiba oso bat izango dute ikasleek eskura, hainbat garai eta estilo lotzen dituen kontakizun baten bitartez.
Hein handi batean, ekimen honek gure ondare musikala transmititzeko Bigarren Hezkuntzako ikasleei Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak eskaintzen dien EKI Musika arloa osatzen du.
Identitatearen garapena, sormena eta pentsamendu kritikoa
DBH1etik DBH3ra arteko gazteei zuzenduta dago EKI Musika arloa.
Identitatearen sorkuntzan eta garapenean musikak duen garrantzia aldarrikatu nahi du, batetik. Ikasleak bere musika erreferenteen aukeraketa eginez eta arrazoiketaren bidez, eta besteen erreferenteak ezagutuz, errespetatuz eta balioetsiz, bere izatea eraikitzeko bidea egingo du.
Era berean, analisirako eta arrazoitzeko gaitasunak dituen euskal hiritarra hezteko pentsamendu kritikoa garatzen lagunduko duen hausnarketa, kritika eta ikerketa-gaitasunak lantzea sustatu nahi du.
EKI Musika arloaren indarguneak
EKI Musika arloaren indarguneen artean, hauexek nabarmenduko genituzke:
- Musika ikas-irakasteko proposamen berritzailea da: musikaren ertz guztiak hartzen dira kontuan, sentimenduei lekua egiten zaie eta komunikazio kode desberdinak erabiltzen dira.
- Euskal kulturaren transmisioa du oinarri eta asmo.
- Aniztasunari erantzuteko aukerak eskaintzen ditu.
- Ekintza komunikatibora bideratuta dago.
- Ebaluazio hezitzailearen ikuspegia du txertatua.
Lehen Hezkuntzako proposamena, 2026-27 ikasturtean
Ikaselkar hezkuntza-argitaletxea Lehen Hezkuntzako EKI Musika proposamena ontzen ari da. Datorren ikasturtean kontraste lanak egingo dira ikasle eta irakasleekin eta, ondoren, esperimentazio fase hori gaindituta, 2026-27 ikasturterako euskal hezkuntza komunitatearen eskura jarriko da.
Beste sarrera hauek ere interesgarriak izan daitezke

Hezkuntza · 2025-02-18
LHko eta DBHko ikasleei egindako ebaluazio diagnostikoen emaitzak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak

Hezkuntza · 2025-02-12
Testuliburuak hezkuntzan. Kalitatezko ikasmaterialen garrantzia ikasleen garapenean

Hezkuntza · 2025-02-11
Euskaraldia lantzeko material didaktikoak, ikastetxeen esku