Bloga

Mariaren Lagundia, Iturrama, Egape eta Eibar BHI ikastetxeen praktika onak ezagutzeko aukera izan zen Eki DBHko Praktika onen II. Topaketan

DBH · 2022-05-11 · Ikaselkar

Partekatu

Joan den maiatzaren 4an Eki DBHko Praktika onen II. Topaketa burutu zen, Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak antolatuta, Eki erabiltzaile diren ikastetxeekin elkarlanean. Mariaren Lagundia ikastola (Bergara), Iturrama BHI (Iruñea), Egape ikastola BHI (Urnieta) eta Eibar BHI (Eibar) ikastetxeen esperientzia arrakastatsuak ezagutzeko aukera izan zen, besteak beste.

Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak eskerrak eman nahi dizkie joan den maiatzaren 4an egin zen Eki DBHko Praktika onen II. Topaketan parte hartu zuten irakasle guztiei eta, bereziki, euren esperientzien berri eman zuten lau ikastetxeei: Mariaren Lagundia ikastola (Bergara), Iturrama BHI (Iruñea), Egape ikastola BHI (Urnieta) eta Eibar BHI (Eibar).

Bigarren urtez egin da topaketa, DBHn Eki proiektuarekin lanean ari diren ikastetxeetako esperientzia arrakastatsuak ezagutzeko eta partekatzeko helburuarekin, elkarrekin eta elkarrengandik ikasten jarraitzeko asmoz, eta balorazioa oso positiboa egin du Ikaselkarrek. Topaketak interes handia piztu zuen Eki erabiltzaileen artean.

Praktika onez gain, Ikaselkarreko kide eta prestakuntza arduradun Harri Beobidek 2022/23 ikasturtean eskuragarri egongo diren DBHko diziplinarteko arazo-egoera berriak aurkeztu zituen.

Mariaren Lagundia ikastola - OBATU proiektua

Mariaren Lagundia ikastolak Eki proiektua oinarri duen OBATU egitasmoa aurkeztu zuen. Nagore Murua irakasleak hartu zuen lehenengo hitza. Azken urteetako ibilbidea azaldu zuen, egungo egoerara iristeko emandako pauso eta aldaketak.

2013an egin zuen Mariaren Lagundia ikastolak Eki proiektuaren aldeko apustua. Eki proiektua aukeratzeko arrazoien artean, ondorengo hauek nabarmendu zituen Muruak:

  • Euskal Curriculumean oinarrituta.
  • Ikaslearen Irteera Profila kontuan hartzen du.
  • Konpetentzietan oinarritutakoa.
  • Metodologia aktibo berritzaileen bidez lan egiteko aukera:
    • Proiektuen bidezko metodologia.
    • Ikaslea bere ikaskuntzaren protagonista. Ikaslea aktiboa da.
    • IKTak uztartuta.
    • Ikaskuntza Kooperatiboaren bidez egiteko aukera.
  • Ebaluazio hezigarria: hasierako fasea, garapen fasea eta amaiera fasea. 
  • Ikastolako Hezkuntza ereduarekin bat, Hezkuntza Pertsonalizatua.

2013-14 ikasturtean ekin zioten Eki proiektuari, 6 arlorekin. Irakasleen formazio beharraz ohartu ziren, erronka honen aurrean irakaslearen rol aldaketa ere beharrezkoa zela ikusirik. Eta 2016-17 ikasturtean, klaustroaren barne hausnarketa baten ondoren, ikasgaiak eremuetan batu zituzten, haien arteko diziplinartekotasuna bilatuz: batetik, ESL edo eremu soziolinguistikoa (Euskara, Lengua eta Gizarte) eta, bestetik, EZT edo eremu zientifiko-teknologikoa (Matematika, Natur Zientziak eta Teknologia). Honela, OBATU proiektua sortu zuten.

Arantzazu Ugarte irakasleak hartu zuen hitza ondoren eta ESLren inguruko azalpenak eman zituen. Ikasgaiak eremuka lantzen hasi baino lehen, lehenengo pausoa honakoa izan zen, ESL ikasgaietako irakasleak bildu ziren eta berrantolaketa bat egin zuten, edukiak, helburuak eta prozedurak kontuan izanik, elkarrekin zerikusia zuten unitateak uztartuz eta euren interesen arabera ordenatuz. Honela PBL batzuk eratu zituzten (Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza), Eki proiektuan oinarrituta, eta bertan jaso zituzten ikasgai bakoitzeko helburuak, edukiak, metodologia eta materialak, eta ebaluazio irizpideak eta tresnak. Adibide edo eredu batzuk erakutsi zituen Ugartek, hau guztia praktikara nola eramaten duten erakusteko.

EZT edo eremu zientifiko-teknologiaren berri Erkuden Unamunok eman zuen. ESLn bezala, eremu honetan ere PBLak eratu dituzte, oinarri moduan Natur Zientziak hartuz. Unamunok euren errubrika eredua erakutsi zuen, egindako lana bertan laburbiltzen baita.

Iturrama BHI - Iturramaldia eta Eki proiektua euskararen sustapenerako

Iruñeko Iturrama institutuko irakasle Dabid Dominguezen txanda izan zen ondoren. DBHko maila guztietan proiektu bat dute indarrean eta DBH 2. mailan euskara da ardatza. Iturramaldia du izena proiektuak eta ikasleen artean euskararen erabilera eta euskal kultura sustatzea du helburu. Irakasgai guztiek egiten diote ekarpena proiektuari baina Euskarak du nagusitasuna. Dominguezek, bere hitzaldian, proiektu honen inguruan urte osoko lana erakutsi eta azaldu zuen.

Ebaluazio bakoitzean Eki unitate bat lantzen dute eta unitate horretan proposatzen zaien proiektua da garatzen dutena, eta, aldi berean, Iturramaldiarekin lotzen dutena. Euskara sustatzeko helburuari jarraiki, ikasturtearen hasieran 2. unitateari heltzen diote lehenik, "Gazte gara gazte", gizartean gazteen inguruan dauden usteen inguruko lanketa eginez. 2. ebaluazioan Ezekiel liburua irakurri (Jasone Osoro, Elkar argitaletxea) eta ohar kritikoa egiten ikasten dute ikasleek. Eta, azkenik, 3. ebaluazioan, "Euskara jalgi hadi plazara!" unitatea lantzen dute, ikasleak hausnarketa egitera gonbidatuz, euskararekiko duten harremanaren inguruan kontzientzia har dezaten.

Iturramaldia proiektua gauzatzeko ezinbesteko tresna dituzte ondorengo baliabideak: Ekigunea eta Irakaslearen gunean eskura dauden gida didaktikoak. Halaber, Dominguezek interesgarri jo zuen Eki proiektuak ikaskuntza kooperatiboan aritzeko bide ematea, errutina desberdinak direla edota aniztasunari erantzuteko lanketa mota desberdinak direla. Eta errubrikak ere aipatu zituen, Irakaslearen gunean eskura dauden Eki DBHko errubrikak nabarmenduz.

Iturramaldia proiektuaren bloga: iturramaurola.blogspot.com/

Egape Ikastola BHI - Digitalizaziorako ibilbidea

Egape ikastolako zuzendari Amaia Amutxastegi eta ikasketa-buru Nekane Legarreta aritu ziren ondoren, euren ibilbidearen nondik norakoak azaldu zituzten. Urteetan Eki sortu aurreko Ostadar proiektuarekin aritu ziren, Euskara, Natur zientziak eta Ingelesa arloetan, eta 2009-10 ikasturtean sartu zen Egape IKT ikastetxe eredura. Ordenagailuak eskuratu eta arloko gelak sortu zituzten, 3 arlo horietarako. Bidea ez zen erraza izan, azaldu zutenez.

2013-14 ikasturtean, Eki proiektua ezagutu eta arlo guztietara zabaltzea erabaki zuten, modu integral batean lantzeko. Erabakia hartzeko arrazoien artean hauexek aipatu zituzten: Heziberrirekin erabat uztartzen da proiektua, arazo-egoerak, konpetentzietan oinarritua, proiektuak, ikaskuntza kooperatiboa, ebaluazioa eta errubrikak, euskal curriculuma, hizkuntzen trataera modu integralean egiten da eta IKT baliabideak oso ondo txertatuta daude unitateetan. Eki proiektuak eskaintzen dituen gida didaktikoak ere nabarmendu zituzten tresna baliagarri gisa, eskaintzen dituzten azalpen eta zehaztasun horiek guztiak oso lagungarriak izan baitziren proiektuari ekiterako orduan, ezer berria sortzen ibili beharrik gabe. 

2016-17 ikasturtean, digitalizazio prozesuari dagokionez, pauso bat aurrera egin eta Chromebookak gela guztietara eraman zituzten. Honela ekin zioten Eki Digitalaren bideari DBH 1. eta 2. mailetan, lehendabizi 2 arlotan eta ondoren, emaitza onak ikusirik, 2017-18 ikasturtean, 6 arloetara zabaldu zuten Eki Digitala. Urtebete geroago, hau da, 2018-19 ikasturtean, Eki Digitala maila eta arlo guztietara zabaltzen hasi ziren. Era berean, euren proiektua aberasteko asmoz martxan jarritako ikasketa zerbitzua eta arloartekotasuna ere azaldu zuten Amutxastegik eta Legarretak.

Amaitzeko, Egape ikastola BHIren ibilbidearen errepaso azkarra egin ostean, Eki proiektuaren balorazio orokor bat egin zuten. Aldaketak mantsoak izan direla adierazi zuten, urratsez urrats egindako bidea izan baita. Eta ondorengo abantailak azpimarratu zituzten:

  • Konpetentzia digitala nabarmen lantzen dutela bai ikasleek, bai irakasleek (aplikazio anitzen erabilera...)
  • Jarduera anitzak eta eskuragarriak edozein unetan dituzte ikasleek
  • Aniztasunari erantzun egokia ematen dio
  • Autonomia sustatzaile izan da
  • Ikasketa kooperatiboa lantzen dute
  • Ebaluaziorako tresnak eskuragarri dituzte: errubrikak, autoerregulazio jarduerak, eduki eta konpetentzien azterketen ereduak...

Bestalde, zailtasunen artean irakasleen ezegonkortasuna aipatu zuten.

Eibar BHI - Euskara DBH 2. mailako proiektua: Ohar kritikoa

Eibarko institutuko Edurne Rivero irakasleak haien ikastetxean arrakasta gehien edo behintzat jokoa ematen duen proiektua izan zuen hizpide, hain zuzen ere, DBH 2. mailako Euskara arloko lehenengo unitatean lantzen den ohar kritikoa. Ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzea du helburu proiektuak. Ikasleei udan irakurritako libururen baten laburpena idaztea eskatzen zaie (ondoren, ohar kritikoa idatzi behar dutenean, informazio horretara jo dezaten) eta ondoren, eskolako blogera igotzen dituzte.

Ikasleek oso gustuko duten jarduera dela azaldu zuen Riverok. Izan ere, ohar kritikoak eskuragarri edukitzea lagungarria da ikasleentzat irakurketa liburuak aukeratzerakoan, euren adinekoek idatzitakoak izanik, fidagarriagoak egiten zaizkielako. Halaber, ikasleen arteko harremanak sendotzen eta elkarbizitza hobetzen laguntzen duen proiektua dela azaldu zuen.

Ikaselkar - Eki DBHko diziplinarteko egoera berriak

Ikaselkar hezkuntza argitaletxeko kide diren Harri Beobide DBHko egileaak eta Amaia Gutierrez DBHko arduradunak 2022/23 ikasturtean eskuragarri izango diren 3 diziplinarteko egoeren berri eman zuten. Lehenik eta behin, onurak eta ezaugarriak aipatu zituzten:

  • Diziplinak elkartzen ditugunean arazo-egoera erreal bati errazago egingo diogu aurre
  • Ikaslea izango da ardatz edo protagonista
  • Erronka motibagarriak izango dira
  • Arlo ezberdinetako edukiak uztartzen dira, egoera bakarra sortuz
  • Metodologia aktiboak erabiliz
  • Euskarri digitalean eskainiko dira
  • Elkarrekin modu kooperatiboan
  • Ekintzailetza bideratuz

Eta ezaugarri nagusien artean hauexek nabarmendu zituzten:

  • Konpetentzien lanketa indartzea dute helburu, arloetakoak zein metadiziplinarrak edo zeharkako konpetentziak.
  • Edukiari dagokionez, bizitza errealean aplikatzeko aukera aparta eskaintzen digute diziplinartekoek.
  • Helburuen artean, motibazioa indartzea
  • Ebaluaziorako aukerak ere eskaintzen dira
  • Bakarkako eta taldeko lana. Bakoitzak bere ardurak izango ditu eta horien bidez egingo da taldelana.
  • Koordinazioa. Irakasleen arteko koordinazioa ezinbestekoa izango da.
  • Digitalizazioa. Alexia Classroom moodle plataforman izango dira eskura egoerak.

Ondoren, diziplinarteko egoera hauen egitura azaldu zuen Beobidek. Hiru egoerek atal berberak dituzte: egoerari ekin, egoera kokatu, ezagutzak bildu, ekoizpenaren planifikazioa eta prestakuntza, ekoizpena sortu eta aurkeztu, eta ebaluazioa. Egoerak hauek Eki unitate moduan planteatu dira, eduki, lanketa eta ebaluazio proposamena barne, eta den-dena eskuragarri izango da.

Eta amaitzeko, Ikaselkarrek proposatzen dituen egoera bakoitzaren xehetasunak eman zituen:

  1. Altxor berrien bila. DBH 1. mailarako egoera. Euskara 1.1, Matematika 1.1 eta Gizarte zientziak 1.1 uztartuz (azken hau aukeran, konpetentziaren garapenaren osagarri modura). 16-20 ordu. 
  2. Herria hobetu dezagun. DBH 2. mailarako egoera. Naturaren zientziak 2.2, Gizarte zientziak 2.3, Matematika 2.3 eta Euskara 2.2 uztartuz. 15 ordu.
  3. Zer esana dugu. Entzun gaitzazue! DBH 3. mailarako egoera. Fisika-Kimika 3.2, Biologia-Geologia 3.2, Euskara 3.3 eta Gizarte zientziak 3.2 (azken hau aukeran, konpetentziaren garapenaren osagarri modura) uztartuz. 10 ordu.