Bloga

Hitzulipurdika iritsi da! Hizkuntzarekin jolasteko koaderno berria

Hezkuntza · 2026-10-30 · Ikaselkar

Partekatu

Hizkuntzaren lanketan beste urrats bat emateko asmoz, Ikaselkarrek nobedade berria aurkeztu du aurten: Hitzulipurdika, LH4tik aurrerako ikasleentzako hizkuntzarekin jolasteko koadernoa. Irakurketa, idazketa eta sormen linguistikoa modu atsegin eta motibagarrian lantzeko material didaktikoa da.

Itzulipurdi batean mundua segundo batez hankaz gora jartzen den bezala, koaderno honek hitzekin gauza bera egitera gonbidatzen ditu ikasleak: ordena irauli, formak nahasi eta esanahiekin jolastu. Hizkiak, silabak, hitzak, esaldiak eta testuak modu aske eta esperimentalean lantzeko aukera eskaintzen du, ikaslea protagonista bihurtuz.

Ez da ohiko ariketa-liburu bat, ezta gramatika-koaderno klasiko bat ere; sormen-koadernoa da, hizkuntza-tailer baten modukoa. Jolasen bidez, hiztegi tematikoa, oinarrizko ortografia, ulermena eta testu-sorkuntza lantzen dira, LH4ko eduki curricularrekin lotura mantenduz eta EKI LH4 erreferentziatzat hartuta. Horrez gain, euskararekiko jarrera positiboa indartzea eta euskal kulturako erreferenteekin jolastea ere baditu helburu.

Proposamen bakoitzak izenburu jostari bat eta sarrera narratibo labur bat ditu, ariketa testuinguruan kokatu eta ikasleak jolastera gonbidatzeko. Koadernoa hainbat testuingurutan erabil daiteke: ikasgelako txokoetan, hizkuntza-saioen osagarri gisa, eskola-liburutegian edo etxean, familia giroan euskaraz jolasteko.

Bilduma bereko beste bi baliabide

Hitzulipurdika «1.000 hitz… eta bat gehiago» koadernoaren jarraipen naturala da. Lehen koaderno hark hitzak bildu, aurkeztu eta haiekin jolasteko proposamena egiten zuen; Hitzulipurdikak, berriz, bide horretan aurrera egin eta sormen linguistikoan sakontzeko aukera eskaintzen du. Biek hizkuntzaren lanketa modu ludikoan sustatzea dute helburu.

Bilduma osatzen duten beste baliabideetako bat «Istorio, misterio, pats» kaxa da. Ipuinak sortzeko proposamen jostagarria da, ikasleen irudimena eta ahozko zein idatzizko adierazpena modu ludikoan lantzeko aproposa.

Laster, berri gehiago!

Durangoko Azokara begira, bilduma honen inguruko informazio eta nobedade gehiago partekatuko ditugu laster. Adi egon!