Bloga

Hasi dira Kimu Euskara eta literatura eta Kimu Matematikako tailerrak

LH · 2023-10-26 · Ikaselkar

Partekatu

Aurtengo ikasturtean Ikaselkarrek tailer bereziak jarri ditu abian Kimu Euskara eta literatura eta Kimu Matematikako irakasleei zuzenduta, proiektuen ezagutzan sakontzeko eta erabileran hobetzeko helburuarekin.

Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak irakasleei eskaintzen dizkien formazio ibilbideen baitan, Kimu proiektuarekin lanean ari diren irakasleek aurrez aurreko tailer berezietan parte hartzeko aukera dute aurtengo ikasturtean. Helburua proiektuaren ezagutzan sakontzea, erabileran hobetzea eta irakasleen arteko elkar-harremanak sustatzea da.

Kimu Euskara eta literaturaren kasuan, Irakurketa-idazketa eta heziketa literarioa Kimun tailerra jarri da abian, proposamenaren sortzaile den Junkal Lertxundi Panaderoren eskutik. Bi eguneko tailerra da, denera 6 ordukoa. Joan den urriaren 4an eman zitzaion hasiera, Euskaltzaindiaren Donostiako egoitzan, eta urtarrilaren 17an egingo da bigarren eta azken saioa.

Aurreko ikasturtean, maiatza aldera eskaini zuen Ikaselkarrek Kimu Euskara eta literaturako tailerra eta arrakasta handiz burutu zen. Irakasle asko eta asko izan ziren tailerrean parte hartzeko interesa agertu zutenak eta, azkenean, hiru saio egin ziren, denengana iristeko asmoz. Oraingoan tailerra osatu egin da, heziketa literarioa ere txertatuz.

Hala, lehendabiziko saioa irakurketa-idazketa prozesuari eskainitakoa izan da, besteak beste, ahozko-hizkuntzaren lanketan, idazketaren garapen faseetan eta helduaren esku-hartze estrategietan jarri da azpimarra.

Bigarren saioak, berriz, heziketa literarioa lantzea izango du helburu. Zergatik sustatu irakurzaletasuna? Zertarako bermatu heziketa literarioa? Galdera horiei erantzuteaz gain, irakurketa sustatzeko estrategien inguruan hausnartzea izango du helburu, besteak beste.

Bestalde, Konpetentzia matematikoa Kimun tailerra estrainekoz emango da, Leire Arana Ruiz de Egino eta Aritz Larreta Bereziartua sortzaileen eskutik. Kasu honetan, hiru saioko tailerra da, denera 9 ordukoa. Urriaren 18an abiatu zen, UEUren Eibarko egoitzan, eta hurrengo datak azaroaren 29a eta otsailaren 7a izango dira.

Lehendabiziko saioan, EAEko zein Nafarroako curriculum dekretu berriek Matematika arloaz zer dioten ikusteaz batera, ikasleei matematikarako konpetentziak garatzen laguntzeko esku-hartze estrategiak izan zituzten hizpide. Kimu Matematika proposamenak eskaintzen dituen baliabide edo bitartekoak azalduz eman zitzaion amaiera lehenengo saioari.

Datozen bi saioetan, Kimu Matematikako elementu bakoitzaren ezagutzan sakonduko da, eta banan-banan aztertuko dira, hala nola, unitate didaktikoak, desafioak, ikerketak, jokoak eta errutinak; Kimun behetik gora eraiki diren ildo didaktikoak ezagutaraziko dira; eta, oro har irakasleen esku-hartzeaz hausnarketa egiteko beta ere izango da.

Tailer batean zein bestean plaza mugatuak dira. Geratzen diren saioetan parte hartzeko interesa baduzu, Ikaselkarrekin harremanetan jar zaitezke:

  • T.: 943 22 58 76
  • E.: ikaselkar@ikaselkar.eus