Hezkuntza · 2025-03-21 · Ikaselkar
Euskarazko diktaketa sistema bat sortu dute elbarritasun motorra duten haurrentzat eta gazteentzat: AskHezi

Proiektuaren sustatzaileek espero dute urte amaierarako denen eskura jartzea.
AskHezi, euskarazko diktaketa sistema berria diseinatu dute elbarritasun motorra duten haurrek eta gazteek erabil dezaten. Orai NLP adimen artifizialeko zentroak garatu du, eta Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatu dute; Languneren aholkularitza izan du, baita Euroeskualdearen laguntza ere. Atzo aurkeztu zuten, Ikastolen Etxean.
"Sistema hau oso baliagarria izango da desgaitasun motorrak dituzten haur eta gaztetxoen ikasketa-prozesuan —dio Igor Leturia Oraiko hizketa-teknologien arduradunak—; izan ere, euskarazko idazlanak egin ahal izango dituzte, tekleatu beharrik izan gabe, testua hizketa bidez diktatuta". Dagoeneko erabat garatuta dagoen plataformak "euskaraz esandakoa transkribatu egiten du, eta hizketa bidezko komandoak erabiliz egin daitezke aldaketak edo zuzenketak", azaldu du.
Hizkuntza- eta hizketa-teknologiak oso baliagarriak dira hezkuntzaren munduan ikasle guztien inklusibitatea lortzeko bidean. Ikastetxeetako egunerokoan erabiltzen diren sistema eragileek, ofimatika programek edo onlineko zerbitzu gehienek integratuta dauzkate hizketaren sorkuntzako, itzulpen automatikoko eta hizketaren ezagutza automatikoko sistemak. Baina horietako gehienak ez dira erabilgarri euskaraz, eta ez daude haurren ahotsetarako prestatuta.
Tresna trebatzeko, Euskal Herri osoko 479 ikasleren ahotsak grabatu dituzte. Hain zuzen, 70.000 grabaketa baino gehiago egin dituzte.
Espero dute urte amaierarako denen eskura jartzea.