Hezkuntza · 2025-02-11 · Ikaselkar
Euskaraldia lantzeko material didaktikoak, ikastetxeen esku

Euskal Herriko haur eta nerabeei “xaxatzaile” izateko deia egin die Euskaraldiak. Ikastetxeetan Euskaraldia lantzeko 16 urtera arteko haur eta gaztetxoei zuzendutako proposamen didaktikoak ondu dituzte.
Maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldiaren laugarren edizioa, "Elkar mugituz egingo dugu" lelopean. 16 urte azpiko herritar gazteek euskararen biziberritzean eta erabileran duten zeresana aintzat hartuta, Euskaraldia lantzeko proposamen didaktikoak ondu dituzte.
Proposamen didaktiko hauek Ikastolen Elkartearekin lankidetzan prestatu dituzte eta Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidaliko dira.
Material didatikoak bi helburu ditu: batetik, haur eta gazteei, Euskaraldiaren berri emanez, haiek ariketan duten egitekoa azaldu eta horrek duen garrantziaren berri ematea; eta, bestetik, haur eta gazteen kontzientzia soziolinguistikoa piztea, eta haur eta gaztetxoak informatzea, prestatzea eta ahalduntzea euskararen erabileraren gaian agente aktibo izan daitezen. Horretarako, orain arte ez bezala, eta Euskal Herriko hezkuntza sistema ezberdinei erantzuteko (iparraldean eta hegoaldean ikasleen mailaketa ez da berdin antolatzen) adin tarteka osatu dira proposamenak: Altxa (3-9 urte), Dantza (9-12 urte) eta Jalgi (12-16 urte).
Horrela, proposamenek Euskaraldiaren aurretik, ariketa martxan dela eta ondoren egiteko jarduerak eskaintzen dituzte, adin tarte bakoitzaren ezaugarrietara egokituta.