LH · 2023-05-08 · Junkal Lertxundi Panadero, Kimu Euskara eta Literaturako egilea
EskuARTEan: artea, mugimendua eta grafia lotzen dituzten proposamenak, Kimun

Partekatu
Ba al zenekien Kimu proiektuak bere letra tipo propioa duela? Kimu Euskara eta literatura proposamenean ikasleekin grafia lantzeko eredu ugari eta anitzak aurkituko dituzu.
Lehen Hezkuntzako Kimu proiektuak ikaslearen ikasketa prozesuaren garapenean laguntzeko curriculum berrira egokituta dagoen ikasmateriala eskaintzen du LH 1., 2. eta 3. mailetarako. Erronka, Euskara eta literatura, Matematika eta Lengua castellana proposamenak biltzen ditu proiektuak.
Euskara eta literaturari dagokionez, aho hizkuntzatik abiatuta, heziketa literarioa lantzea eta sormena sustatzea du helburu. Irakurriz eta jolastuz ikasten dute haurrek testuak ulertzen eta sortzen. Hain zuzen ere, irakurketa eta idazketa Kimun zer-nola lantzen dugun azaldu genuen ondorengo artikulu honetan: Nola lantzen dugu irakurketa eta idazketa KIMU proiektuarekin?
Grafiaren lanketak ere bere tokia du Kimu Euskara eta literaturaren baitan eskuARTEan proposamearen bidez. Artea, grafia eta mugimendua uztartuz, modu sortzaile, erakargarri eta motibatzailean landuko dute ikasleek grafomotrizitatea.
Bi printzipiotan oinarrituta abiatzen gara. Batetik, haurrak, pertsona alfabetatua den heinean, letra mota guztiak ezagutu behar ditu. Hala, Kimu ikasmaterialetan (albumak, ipuinak eta fitxa-bildumak) eta ikasgelan erabiliko diren testu esanguratsuetan letra mota anitzak eskaintzen dira, proposamen didaktikoan mailakatuz: letra larria, letra xehe lotua eta inprentako letra.
Bestetik, ezin dugu komunikazioaren helburua albora utzi. Grafia argi eta ulerterraza behar da mezuak asmo komunikatiboa bete dezan. Idazkera harmonikoa bermatu behar dugu: irakurgarria, txukuna eta arina.
Haurra idaztera animatu nahi badugu, eredu errazak eskainiko dizkiogu. Hasieran, makil moduko letrekin hasiko gara. Ondoren, haurra etapa alfabetikoan dagoenean, letra lotua praktikatzen has daiteke. Horretarako, letra lotu garbia eskainiko dugu. Horixe da, hain justu, Kimu proiekturako sortu den tipografia, letra xehe lotua.
Zer onura ditu letra lotuak?
- Jarraian, arin eta jariakortasunez idaztea; motrizitateari dagokionez, jarraitasuna ahalbidetzen du letra lotuak. Horrek suposatzen du konstantziaz aritzea, pentsamenduen haria mantentzea eta memorian hobeto gordetzea.
- Hitzen banaketa errazten du.
- Sinboloak nahiko desberdinak dira haien artean.
- Letrak egiteko zenbat eta marra gutxiago egin (idazkailua paperetik zenbat eta gutxiago altxa), orduan eta errazago irakurtzen dira eta azkarrago idazten da, epe luzera begira.
- Jariakortasuna errazten den heinean, luzera begira, letra pertsonalizatzea errazten du. Izan ere, kodea bereganatu ahala, letra pertsonalizatzen joango dira haurrak, eta helduok den-dena loturik idazten ez badugu ere, loturak egin egiten ditugu.
- Hitz bakoitza osotasunean ulertzen laguntzen du, bisualki ere hitza osotasunean azaltzen delako.
Grafomotrizitatea lantzeko 10 ideia-gako
- Ezin du ume guztiek aldi berean egiteko jarduera bat izan.
- Ume bakoitzari lagunduko diogu etapa alfabetikoan sartzen den heinean, grafiako trazuak egiten trebatzen.
- Praktika eskatzen duen ekintza da.
- Esangura duen hitz baten idazketan trebatzen direnean (norberaren izena, esaterako) azkar transferitzen dute zentzua eta norabidea bestelako hitzen idazkeran.
- Idazteko beharra, eta haren idazkera besteek ulertzeko beharra sentitzen duen heinean, haurra galdetzera eta praktikatzera animatuko da.
- Praktika dezan material egokia eskaini behar diogu.
- Automatizazioa ezinbestekoa da LH 3tik aurrera. Idazkera automatizatzen bada, memoria lana arintzen dugu eta testuen ekoizpenean zentra gaitezke.
- Egunean minutu batzuk horretara bideratuz, aspertu gabe, aurrerapauso handiak eman daitezke.
- Noranzkoa landu: letren mugimendua automatizatzeak garrantzi handia du. Egun batean letra bat goitik hasten badu, hurrengoan ezkerretik, eta, hurrengoan berriz, eskuinetik, haurrak geldiro-geldiro idatziko du, zailtasun handiz; letra bakoitzean harrapatuta bezala sentituko da.
- Ergonomia: haurrak, eroso, gustura, lasai idatzi behar du, idazkera kalitate onekoa izateko.
“Grafia egokia garrantzitsua bada ere, ez da idazketaren ardatza”
Bizitza osoan zehar egiten gara irakurle eta idazle, haurtzaroan hasi eta zahartzarora bitarte osatzen doan prozesua da. Irakurtzeko gaitasuna garatu eta sendotzea da eskolaren helburua.
Kontua da testuen ildoa harrapatzea eta harekin nahi duten guztia egin ahal izatea: begiratu, aztertu, ulertu, interpretatu, kritikatu, harekin gozatu, eraldatu, imitatu, haren parodia egin eta, azken finean, erabili.
Kimu proiektuari buruz gehiago jakin nahi duzu? Idatzi edo deitu lasai informazioa edo biltzeko eskatuz, eta gustu handiz joango gara zure zentrora:
✆ 943 22 58 76
✉ ikaselkar@ikaselkar.eus