Bloga

Nola lantzen dugu irakurketa eta idazketa KIMU proiektuarekin?

LH · 2022-05-26 · Junkal Lertxundi Panadero, Kimu Euskara eta Literaturako egilea

Partekatu

Kimu Euskara eta Literatura proposamenean irakurketa-idazketaren ikasketa prozesuak ahozkotasuna du abiapuntu. Batetik, heziketa literarioa landuko dugu eta, bestetik, sormena sustatu. Finean, ikasleek idazten eta irakurtzen gozatzea, esperientzia atseginak sortzea dugu helburu.

Bizitza osoan zehar egiten gara irakurle eta idazle, haurtzaroan hasi eta zahartzarora bitarte osatzen doan prozesua da. Irakurtzeko gaitasuna garatu eta sendotzea da eskolaren helburua.

Lehen Hezkuntzako Kimu proiektuak eta, zehazki, Euskara eta literatura programak, LH 1etik 3. mailara bitarte, helburua bere egin eta ikaslearen ikasketa prozesuaren garapenean laguntzeko proposamen mardula osatu eta eskaintzen du.
 

 

Zer da irakurtzea?

Irakurtzea idatzita dagoen testua ulertzeko prozesua da, baina Kimu proiektuan zer da zehazki irakurtzea? 

  • Prozesu aktiboa da, iragarpena eta inferentzia etengabe eskatzen duen prozesua.
  • Irakurketa mota desberdinek, besteak beste, ondorengo helburuak dituzte: gozatzea, informazioa eskuratzea edota aginduak jarraitzea. Hala, helburuaren arabera gure irakurtzeko modua era batekoa ala bestekoa izango da. Hori dela eta, irakurtzen hasi aurretik ikasleak garbi izan behar du zein den helburua, eta irakurketa mota horretarako prestatuta egoten lagundu behar diogu.
  • Irakurtzen dugunean elkarrekintza gertatzen da irakurlearen eta testuaren artean: irakurleak esanahia eraikitzen du, irakurtzen ari denaren gainean dituen aurrezagutzak eta helburuak kontuan harturik.
  • Irakurtzea beste batek egindakoari segitzea da, beste batek egin duen diskurtsoari, lexikoari, irudiei, oparotasun linguistikoari edota jakintzari. Hark egin dituen esaldiak eta elipsiak ulertzea da, haren tonua, ironia, sarkasmoa, testua antolatzeko eta egituratzeko modua interpretatzea da. Finean, irakurtzen ari garenean beste batek idatzi duen testuaren ariman eta bihotzean sartzen gara.
  • Irakurketa bakardadea ere bada, kontzentrazioa, isiltasuna, mugikortasun fisikorik eza, isolamendua eta beste edozein jarduera une batez alde batera uztea eskatzen duen kontenplaziozko jarduna.

Kimu Euskara eta literaturaren helburua ikasleek idazten eta irakurtzen gozatzea da, esperientzia atseginak sortzea.

Irakurketa prozesuaren garapena eta ahozkotasunaren garrantzia

Kimu proiektua Lehen Hezkuntzako lehenengo hiru mailetara bideratutako proiektua da.

  • 6-7 urtera arte, ikasleak susperraldian dauden irakurleak dira: irakurtzeko eta idazteko oinarriak ereiten ari dira. 
  • 7-8 urterekin, lehen mailako irakurleak dira: irakurtzen eta idazten ikasten dute. 
  • Eta 9-10 urtetik aurrera, jarioa duten lehen mailako irakurleak dira: ikasteko irakurtzen dute eta komunikatzeko idazten dute.

Hizkuntza giza garapenaren berezko ikaskuntza da. Hizkuntzaren jabekuntza funtsezkoa da 0-3 etapan, eta garrantzitsua izaten jarraitzen du 7 urtera arte, eta esanguratsua 10 urtera arte. Beraz, lehenengo 7 urteetan funtsezkoa da hizkuntza-egitura garatzea, gero irakurketa eta idazketa prozesua ondo eraikitzea ahalbidetuko duen oinarrietako bat baita.

Era berean, lehenengo 10 urteetan AHO-HIZKUNTZA lantzea oinarrizkoa da: ahozko adierazpena, ahozko ulermena, txandak errespetatzea, entzutea, elkarrizketa eta hausnarketa.

Garrantzitsua da ikasleekin ahozkotasuna lantzen denbora inbertitzea, horrekin irakurketarako eta idazketarako ezinbestekoak diren oinarri kognitiboak elikatzen ariko baitira. Idatzizko adierazpen ona izan dezaten, lehenik eta behin ahozko adierazpen ona izan behar dute.

 

Nola egiten dugu Kimu Euskara eta literatura proposamenean?

Ahozkotasunean dago abiapuntua. Ezer baino lehen, ikasleari ereduak eskaintzen zaizkio, hain zuzen ere, Kimu Euskara eta literatura programarako euskal idazle eta ilustratzaileek berariaz sortu dituzten obra literarioak; unitate bakoitzean bat landuko da.

Obra literario hauek guztiak programaren helburuei erantzuteko sortu dira. Honela, genero lirikoak, ipuinek edota album ilustratuek dituzten onurak gelan baliatzeko bidea eskaintzen du Kimu proiektuak.

Obra literarioak, plazer eta motibazio iturri


Ikasleak ahoz jaso eta barneratuko ditu obretan eskainitako ereduak. Behin eta berriz entzunez, memorizatu eta dramatizatu egingo dituzte. Horrela, ikaslearen irakurketa prozesua imintzioak egiten hasiko da. 

Gelako manipulatzeko materiala

Hitzekin jolasteko eta manipulatzeko materiala ere eskaintzen du Kimu Euskara eta literatura proposamenak. Obra literario bakoitzetik berariaz aukeratutako hiztegia erabiliz sortu dira unitate bakoitzeko hiztegi-txartelak, aldrebeskeria-txartelak, prenda-txartelak, dominoak, etabar. Jolasaren bidez, ikasleak kodeaz jabetzeko aukera izango du. 

 

«Irakurketa eta idazketaren didaktikak bi gurpil ditu bizikletak bezala: testu literarioa landu eta gero, ikasleak euren testu propioak produzitzera animatuko ditugu, SORKUNTZAREN bizipena izatera, bigarren gurpila beraz, idazketarena da» (Mariasun Landa)

Kode idatzia modu ludikoan eskuratzen jarraitzeko hainbat jolas ere biltzen du Kimu Euskara eta literaturako proposamenak. Gainera, manipulatzeko materialaren baitan, aho-korapilo eta ipuin/olerki txartelak ere sortu dira. Modu honetara, ikasleak hizkuntza egiturak barneratu eta sormena abian jarriko du.

Unitate guztiek egitura finkoa dute:

  • Egitura narratiboak lantzeko: BA OMEN ZEN, ISTORIO MISTERIO, HALA BAZAN, EGIA ALA GEZURRA eta BEGI ONDOAN SUDURRA.
  • Aho-korapilo, asmakizun, errimak... deklamatu eta birsortzeko: ASMAZAK, ASMAZAN eta MINGAINA DANTZAN.
  • Kodea lantzeko: NAHAS-MAHAS (kodea berariaz); BEGIZ JO (begi arreta); eskuARTEan (grafomotrizitatea, arte proposamenekin lotuta).
  • Ikaslearen autoerregulaziorako: AMESTU BADEZAKEZU… LORTU DEZAKEZU eta TTIPI-TTAPA.

Atal horien bidez irakurketa-idazketaren lanketa marko komunikatibo batean txertatuta landuko dugu; gainera, heziketa literarioa lantzea eta sormena sustatzea ere helburu izanik, ikasleak komunikaziorako konpetentzia bere osotasunean garatuko du.

 

Idazten eta irakurtzen ikasteko, idatzi eta irakurri egin behar da, eta besteek nola idazten eta irakurtzen duten ikusi; probatuz eta huts eginez, beti ere testuetan esanahiak bilatuz edota esanahia duten testuak sortuz.

 

Kimu Euskara eta literatura proposamenerako Ikaselkarrek berariaz sortu du «Kimu» letra mota

► Kimu proiektuari buruz gehiago jakin nahi duzu?

Idatzi edo deitu lasai guri informazioa edo biltzeko eskatuz, eta gustu handiz joango gara zure zentrora:
✆ 943 22 58 76
✉ ikaselkar@ikaselkar.eus