Hezkuntza · 2025-07-01 · Ikaselkar
Berrikuntzekin dator Saioka ingurune digitala

Saioka ingurune digitala berritu egin dugu, itxura gaurkotuz eta nabigazioa erraztuz. Berrikuntza horiek aurkezteko, eta plataformaren oinarrizko erabilera azaltzeko, online saioa eskainiko dugu irailaren 11an.
Irailean azalberrituta ekingo dio ikasturte berriari Saioka ingurune digitalak. Ikas-irakaskuntzarako ingurune digitala darabilten EKI DBHko irakasle eta ikasleek antzemango dituzte bereziki berrikuntza hauek guztiak, baita Kimu proiektuarekin lanean zabiltzaten irakasleek ere.
Diseinua gaurkotu eta egitura sinplifikatu egin dugu. Edukiak ez dira ukitu, baina itxura garbiago bat izango du aurrerantzean plataformak. Horrela, irakasle zein ikasleek errazago eta era intuitiboagoan nabigatu ahal izango duzue.
Ondorengo berrikuntza nagusiak azpimarratuko genituzke:
- Nabigaziorako menua beti bistan egongo da. Pantailaren ezkerraldean ikusiko dugu une oro eduki-zuhaitza, erabilgarritasuna handituz eta atal batetik bestera nabigazioa erraztuz.
- Baliabideen menua sinplifikatu egin da. 3 botoi baino ez ditugu ikusiko orain: ikasle-gunea (foroa), irakasle-gunea (gidak) eta egoera.
- Zereginen bidalketak egitea erraztu dugu, pop up leihoen bidez.
Berrikuntza horiek guztiak aurkezteko, eta plataformaren oinarrizko erabilera azaltzeko, online saioa eskainiko dugu datorren irailaren 11an, 13:00etatik 14:00etara. Aurrez izena ematea ezinbestekoa da.
Izena eman saioan: Saioka ingurune digitalaren oinarrizko erabilera (Online)


