DBH · 2021-11-03 · Ikaselkar
"Einstein, jauzi kuantikoa" komikia argitaratu du Ikaselkarrek Zientzialariak bilduman
XX. mendeko zientzialaririk ospetsuena da Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak Zientzialariak bildumaren baitan plazaratu duen 8. komiki-liburuko protagonista.
Mundu guztiari ezaguna zaion zientzialaririk bada, hori Albert Einstein da: fisikari teorilaria, zientziaren filosofoa, pedagogoa, unibertsitateko irakaslea... eta 1921. urteko Fisikako Nobel sariaren irabazlea.
"Einstein, jauzi kuantikoa" komikian, ikusiko duzu nolakoa izan zuen haurtzaroa eta nola joan zitzaizkion ikasketak; zeinen matematika-zalea eta musika-zalea izan zen, nolako zailtasunak izan zituen lana aurkitzeko, zer lorpen akademiko egin zituen, eta zer-nolako aurkikuntzak eginez irauli zuen ordura arteko fisika.
Haren teoriek liluratu egin zituzten garai hartako zientzialariak, eta denen ahotan jarri zuten fisika. Haren pentsamenduari esker, jauzi handi bat egin zuen zientziak: jauzi kuantiko bat.
Zientzialariak bilduma
Komiki formatua heziketa tresna gisa erabiliz, testuak eta marrazkiak egoki uztartuz, historian zehar izan diren zientzialari eta pentsalari handienen biografiak eta lorpenak haurrei ezagutzera eman nahi dizkie Ikaselkar argitaletxeak, euskaraz eta modu atseginean eta entretenigarrian.
Hain zuzen ere, zientziaren historian itzal handiko izenak aurki ditzakegu azken urteotan argitara emandako Zientzialariak komiki-bilduman, hala nola, Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Aristoteles, Hipatia, Ada Lovelace eta, zerrendara batu den azkena, Einstein.
Helburu bikoitza du egitasmoak: batetik, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta, horri lotuta, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea eta, bestetik, dibulgazio zientifikoaren bitartez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea, STEAM arloekin lotutako bokazioak bultzatze aldera.
Aurreko liburuak bezala, azken hau ere Jordi Bayarri egile eta marrazkilariaren lana da. Maialen Berasategik itzuli du euskarara.
Hauexek dira bilduma osatzen duten aleak:
- “Marie Curie. Radioaren aktibitatea”
- “Newton. Grabitatea ekinean”
- “Galileo. Izarren mezularia”
- “Darwin. Teoriaren eboluzioa”
- “Aristoteles. Jakiteko irrika”
- “Hipatia. Egia matematikan”
- "Ada Lovelace. Zenbakien liluratzailea"
- "Einstein. Jauzi kuantikoa"