Ikaselkar · 2021-11-15 · Ikaselkar
Testuliburuen gaineko erreportaje zabala Berrian: 'Euskadi' eta 'Euskal Herria' nahas-mahas

Zer da Euskal Herria, eta nola islatzen da ikasle nerabeei ikastetxeetan ematen zaizkien irakasgaietan? Berriak aztergai hartu zituen atzo, igandez, zenbait argitaletxek DBHko Gizarte Zientzien arlorako eginiko liburuak, horien artean, Ikaselkar hezkuntza argitaletxearen eki ikasmaterialak.
Testuliburuen gaineko erreportaje zabala argitaratu zuen Berriak atzo, igandez. Hainbat argitaletxetako DBHko liburuetan Euskal Herria nola agertzen den irudikatua, euskal edukiak eta erreferenteak txertatuta dauden aztertu du. Ondorioa, "Ikaselkar hezkuntza argitaletxea da irakaskuntza materialetan Euskal Herria bere osotasunen irudikatzen eta aintzat hartzen duen argitaletxe bakarra".

Ikaselkar hezkuntza argitaletxearen EKI DBH2ko Gizarte zientzietako liburua (argazkia: Berria)
Geografiaren atalean, gehienetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mapa nagusitzen da Jaurlaritzak agintzen duen eremuko ikastetxeetako testuliburuetan. Nafarroako mapa nagusitzen da, berriz, Nafarroakoetan. Bada salbuespen bat joera horretan: Ikaselkarren testuliburuetan, Euskal Herriko zazpi probintzien mapa erabiltzen da erreferentzia nazional gisa: «3.005.670 biztanle dituen herri bat», non Pirinioak diren mendirik garaienak.
Datu estatistikoetatik hasi, eta geografiako edukietara, eta testuinguruko datuetatik historiako gertakarietara, Euskal Herria osorik eta ardatz hartzen duen argitaletxe bakarra Ikaselkar da. Elkar argitaletxeak eta Ikastolen Federazioak sortutako argitalpen horrek testuliburuz hornitzen ditu ikastolak eta ikastetxe publiko ugari, eta arlo pedagogiko berritzaileetan oinarritzen da.
- Irakurri erreportaje osoa: 'EUSKADI' ETA 'EUSKAL HERRIA', NAHAS-MAHAS
Euskal Herria testuliburuetan
Erreportajearen baitan, mahaiaren bueltan elkartu ditu Berriak Gurutze Ezkurdia, EHUren Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea, eta Ikaselkarreko zuzendari Edurne Soraluze. Bakoitzak bere ikuspuntua azaldu du.

Ikaselkarreko zuzendari Edurne Soraluze eta EHUren Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle Gurutze Ezkurdia (argazkia: Berria)
«Ikaselkarri dagokionez, proposamenak hemendik eta honako eginda daude, hori baikara gu: gure sortzaileak hemengoak dira; guk edaten dugun iturriak hemengoak dira; eta, informazio iturriak proposatzen ditugunean, Elhuyar aldizkaria, Gaindegia, BERRIA egunkariko artikuluak... izaten dira.»
Ikaselkarreko materialetan Euskal Herria ez dute gizarte zientzietan edo geografian soilik aintzat hartzen: «zeharka» eskaintzen dituzten proposamen guztietan lantzen dute. Pare bat adibide eman ditu: «Matematika lantzen dugunean, desberdina da buruketak edo jarduerak Madrildik Parisera izatea edo Baionatik Iruñera».
Positibo mintzo da Soraluze. Irakasleen eta ikastetxeen artean horretarako interesa badagoela uste du, hezkuntza argitaletxera jotzen duten ikastetxeetako irakasleek behintzat badutela interes bat Euskal Herri osoko edukiak lantzeko. Eta ilusioz begiratzen dio etorkizunari ere: «Pausoak eman ditugu. Guk ilusio handia dugu: herri bat eraikitzeko proiektua da gurea, beste asko bezala, eta jarraitu nahi dugu».
- Irakurri osorik: Zatitutako herri bat (li)buruetan

