LH · 2025-05-19 · Ikaselkar
Lehen Hezkuntzan Musika lantzeko ikasmateriala sortu du Ikaselkarrek, EKI proiektuaren baitan

Datorren ekainaren 4an, asteazkenarekin, zuzeneko online saio batean aurkeztuko da EKI LH Musikako proposamen berria. Aurrez izena ematea ezinbestekoa da.
Datorren ikasturteari begirako ikasmaterial eskaintza prest du Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak. Berritasunen artean dago Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetarako sortu duen EKI Musikako ikasmateriala.
Proposamen berria ezagutzera emateko zuzeneko aurkezpen saio bat egingo da, online, datorren ekainaren 4an, asteazkenarekin, 13:00etatik 14:30era. LHko irakasle orori dago zuzenduta eta aurrez izena ematea ezinbestekoa da.
EKI LH Musikaren ezaugarri nagusiak
EKI proiektuaren ildotik, Euskal Herria ardatz hartzen duen mundu ikuskeratik abiatuta sortu da proposamen berri hau ere. Euskal erreferente ugari aurkituko dugu EKI Musikan, ikasleen interpretazioa eta sorkuntza artistikoa garatzeko helburuarekin.

EKI LH Musikako ikasmaterialak bi euskarri nagusi ditu, batetik, irakaslearen gida didaktikoa eta, bestetik, ikaslearen lan-koadernoa. Ikasleak lan-koaderno bakarra izango du ikasturte osorako; liburuak, maila bakoitzean, 3 unitate bilduko ditu. Liburua formatu fisikoan izango du eskura ikasleak.
Musikaz gozatuz musikaren hizkuntza, musika-elementuak eta musikaren historiako gaiak ezagutzeko aukera izango dute ikasleek. Artista eta ikerlari izango dira, musika-tresna sortzaile, musika-sortzaile, musika-entzule eta musika-jotzaile, besteak beste.
Txanela Musikako ikasmateriala ordezkatzera datorren proposamen berria ikastetxe guztientzat eskuragarri egongo da irailetik aurrera. Edonola ere, Txanela Musika ez da desagertuko, eta Txanela proiektuaren erabiltzaile diren irakasleek material horrekin jarraitu ahal izango dute.


