Bloga

Kimu bildumako bi album ilustratu berri, lehen irakurleei zuzenduta

Ikaselkar · 2021-09-29 · IKASELKAR

Partekatu

Letren jolaslekuan eta Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan liburu berriak plazaratu ditu Ikaselkarrek irakurtzen eta idazten ikasten ari diren 6 urtetik gorako umeei zuzenduta.

Bertako egileek sortutako album ilustratuen aldeko apustua eginez, Ikaselkar hezkuntza argitaletxearen Kimu bilduma osatzen eta aberasten ari da. Lehen irakurleei begira, bi album ilustratu berri aurkeztu ditu: Letren jolaslekuan, Yolanda Arrietak idatzi eta Eider Eibarrek ilustratua; eta Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan, Xabier Olasok idatzi eta Sandra Garayoak ilustratua.

Irakurtzen eta idazten ikasten ari diren haurrei zuzenduta dago Kimu bilduma. Lehen irakurleari zuzendutako bilduma izanik, mundua zein gizakia ulertzen eta ezagutzen, eta irudimena eraikitzen eta lantzen bidelagun izan nahi du. Hitzen eta irudien bidez, irakurle gaztetxoenak entretenitu, irakurketan trebatu, hizkuntzan aberastu eta arteaz gozatzen irakastea ere badu helburu.

Kimu sailean aurretik argitaratu diren liburuak honako hauek dira (5 urtetik gorako umeentzat): Nire gorputzean bizi naiz, Juan Kruz Igerabidek idatzi eta Ainara Azpiazuk ilustratua; Badauzkat nire zulotxoan…, Alaine Agirrek idatzi eta Irrimarrak ilustratua; Galdu dena, azaldu dadila!,  Garazi Kamiok idatzi eta Julen Ribasek ilustratua; Loinatzen loa, Castillo Suarezek idatzi eta Mikel Anterok ilustratua; eta Familia xelebrea, Anjel Lertxundik idatzi eta Jokin Mitxelenak ilustratua. Oraingoan, koska bat gorago egin eta bi album ilustratu berriak 6 urtetik gorako umeei zuzenduta daude. 

 

LETREN JOLASLEKUAN
Yolanda Arrieta – Eider Eibar   

Hodeiri letrak kostatu egiten zaizkio; ez dira bere lagunak. Ametsek letren jolaslekura eramango du eta, ipuinetako pertsonaia, antzerki eta txotxongiloen bidez, letrekin adiskidetzen lagunduko dio.

 

Yolanda Arrietak idatzi du Letren jolaslekuan

Eider Eibarrek ilustratu du Letren jolaslekuan albuma

 

HANKA, MOKO ETA BUZTAN. ANIMALIEKIN DANTZAN
Xabier Olaso – Sandra Garayoa   

Asmazan, asmazak… Zer ote dago liburu honen baitan? Animalia bitxi ugari, hanka, moko eta buztan… Liburuak jolas egiteko gonbidapena luzatzen dio haurrari; aho-korapilo, olerki, kanta, igarkizun eta ipuin laburrak biltzen ditu.

 

Xabier Olasok idatzi du Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan

 

Sandra Garayoak ilustratu du Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan

 

 

Beste sarrera hauek ere interesgarriak izan daitezke