LH · 2024-05-29 · Ikaselkar
Kilimak, oporretako koaderno jostagarri berriak
Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak Kilimak koaderno jostagarriak argitaratu ditu, euskaraz eta euskaratik sortuak, oporretan jolas egin eta ondo pasatzeko.
Jakingura kilikatu eta irudimena lantzea dute helburu Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak sortu eta argitaratu berri dituen Kilimak koaderno jostagarriek.
6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, eta euskaraz eta euskaratik sortuak izan dira. Oporretan ere euskaraz jolasean aritzeko eta gozarazteko asmoa dute. Gainera, ikasturtean zehar landutako gaietan sakontzeko aukera eskaintzen dute, modu erakargarri eta jostarian.
Atal bakoitzaren hasieran misterio edo enigma bat aurkeztuko zaio irakurleari, eta hurrengo orrialdeetan misterioa argitzeko erronkak gainditu beharko ditu han-hemen aurkituko dituen pistak jarraituz.
Askotariko gaiak eta jarduerak aurkituko ditugu Kilimak koadernoetan, beti ere euskal testuinguru batean kokatuz. Haurrek euskal mitologiara gerturatzeko aukera izango dute, Gure Zirkuko lagunekin jolas egingo dute eta Euskal Herriko bazterrak ezagutuko dituzte, besteak beste.
Ondorengo atalak aurkituko ditugu Kilimak koadernoetan:
- Nahas-mahas: letra-zopak, hitz gurutzatuak eta hizkuntza jolasak.
- Mingaina dantzan: zotz egitekoak, aho-korapìloak eta hitz-jokoak.
- Joko-moko: matematikako proposamenak (sudokuak, kalkuluak, trukoak, labirintoak...)
- Begiz jo: pertzeptzio bisuala (desberdintasunak aurkitu, elementuak bilatu...)
- Iker dezagun: zientziarekin zerikusia duten proposamenak.
- EskuARTEan: eskulanak, arte hezkuntza, marrazketa, grafomotrizitatea.
- Mugi-mugi: mugimenduarekin zerikusia duten proposamenak (taldeka, bakarka edo familian aritzeko): kantatu eta dantzatu, gorputz erronka bat edo soka-saltoan ibiltzeko kantak.
Horrez gain, koaderno bakoitzak liburu gomendioak ere egingo ditu. Eta QR kodeen bidez ikus-entzunezko baliabideak eskainiko dira, besteak beste, abestiak, jolasak eta eskulanak egiteko jarraibideak.
Adin tarte bakoitzeko koaderno bat egongo da. Lehenengo biak jada kalean dira: Kilimak 1, 6-7 urteko haurrentzat, eta Kilimak 2, 7-8 urteko haurrei zuzendutakoa.
Ikaselkarreko LHko lantaldeak sortu ditu koadernoak, zehazki, Kimu proiektuaren sorkuntzan eta edizioan aritu diren kideek. Gorka Aranburu eta Higinia Garay ilustratzaileek egin dituzte marrazkiak.
Kilimek barre eginarazten duten bezala, Kilimak koadernoek elkar kitzikatzea dute helburu, irri egitea eta ondo pasatzea. Eskuratu al duzu zurea?