Bloga

Jon Fernandez Iriondo: "Segun eta zer testuliburu erabiltzen dituzten eskolan, nazio-identitate bat edo bestea helduko zaie gehiago ikasleei"

Hezkuntza · 2025-01-10 · Ikaselkar

Partekatu

Nazio-identitatearen transmisioan hezkuntzak duen eginkizuna aztertu du Jon Fernandez Iriondok. Horretarako, Lehen Hezkuntzako Gizarte Zientzietako testuliburuak alderatu ditu; besteak beste, EKI proiektua ere aztertu du. Ikerketaren eta lortutako emaitzen inguruan elkarrizketa mamitsua egin dio UEUk.

UEUren Uztaro aldizkarian aurkeztu ditu Jon Fernandez Iriondok "Nazionalismo subliminala(k) eta testuliburuak: alfabetatze nazional paraleloak Euskal Autonomia Erkidegoan" ikerketaren nondik norakoak. 

Nazio-identitatearen transmisioan hezkuntzak duen papera izan du aztergai eta, horretarako, Lehen Hezkuntzan erabiltzen diren Gizarte Zientzietako testuliburuak aztertu eta alderatu ditu. Besteak beste, Ikaselkar hezkuntza-argitaletxearen EKI proiektua arakatu du.

UEUk elkarrizketa egin dio Fernandezi. Emaitzen inguruan galdetuta, hala erantzun du:

Azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa uztartu ditut eta, Anayaren kasuan ñabarduraren bat egingo nukeen arren, esan dezakegu Santillana-Zubiak eta Anaya-Haritzak nazio-nortasun espainiarra transmititzen dutela nagusiki, haien edukiek Espainia analisi sozial eta historiko arrazionalerako marko naturala balitz bezala aurkezten duten heinean. Daturen bat ematearren, Santillana-Zubiak 64 orri eskaintzen dizkie Espainiari buruzko edukiei, eta soilik 11 orri Euskal Autonomia Erkidegoari. Anaya-Haritzaren kasuan, antzeko: 70 eta 18 orri, hurrenez hurren. Salbuespena Ikaselkar argitaletxea litzateke, haren ikasmaterialek zazpi lurraldeetako Euskal Herria hartzen baitute abiapuntu edo erreferentziazko marko gisa. Laburbilduz, segun eta zer testuliburu erabiltzen dituzten eskolan, nazio-identitate bat edo bestea helduko zaie gehiago ikasleei. Hurrengo urteetan liburuen lagina handitzeko asmoa dut, ikasmaila eta argitaletxe gehiago aztertzeko, baita Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko egoera aztertzeko ere.

Irakurri osorik ueu.eus webgunean UEUk Jon Fernandez Iriondo Nazionalismo Ikerketetan adituari egindako elkarrizketa:

Jon Fernandez Iriondo: "Segun eta zer testuliburu erabiltzen dituzten eskolan, nazio-identitate bat edo bestea helduko zaie gehiago ikasleei"