Ikaselkar · 2025-03-24 · Ikaselkar
Ikaselkarrek Euskaraldian parte hartuko du

Maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldiaren laugarren edizioa, "Elkar mugituz egingo dugu" lelopean.
Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak Euskaraldiaren laugarren edizioan parte hartzeko izena eman du dagoeneko, eta euskal hezkuntza komunitateari bertan parte hartzeko deia luzatzen dio.
Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu soziala, "Elkar mugituz egingo dugu" lelopean.
Euskaraldian izena emateak esan nahi du oinarrizko 3 egiteko hauek beteko ditugula:
- Lankide eta bezero diren ikastetxeen artean Euskaraldiaren berri eman eta ahobizi eta belarriprest izan daitezen sustatuko dugu.
- Ariketa ondo egiteko eta rolean eroso egon daitezen prestakuntza tresnak aztertu eta partekatuko ditugu.
- Ariketan parte hartzen ari garela ikusgarri egingo dugu.
Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua, horixe da Euskaraldia. Antolatzaileen hitzetan, "lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera". "Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen da" azaldu dute.
Ekimenean parte hartu eta Ahobizi edo Belarriprest rola hautatu nahi duten norbanakoen izen-ematea zabalik dago euskaraldia.eus webgunean.
Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da, eta Ikaselkarrek bat egiten du asmo horrekin.