Bloga

Haurrek hitzarekin jolas egiteko liburuak

LH · 2020-11-23 · IKASELKAR

Partekatu

Irakurtzen eta idazten ikasten ari diren 5 urtetik aurrerako umeei zuzenduta daude Kimu bildumaren baitan Ikaselkarrek sortu dituen ipuinak.

"Nire gorputzean bizi naiz" eta "Badauzkat nire zulotxoan…" liburuak argitaratu ditu Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak haurrei zuzenduta. Hitzarekin jolas egiteko helburuarekin, irakurtzen eta idazten ikasten ari diren 5 urtetik aurrerako umeei zuzendutako liburu bilduma sortu du Ikaselkarrek, Kimu, eta bildumako lehen bi liburuak dira aurkeztu berri dituenak. 

Literatur lanak oinarri hartuta, testuen zein marrazkien irakurketaren bidez, ahozkotasuna lantzeko tresna ere izan nahi dute Kimu bildumako liburuek, horretarako, sormen lan ezberdinak plazaratuz, irakurle gaztetxoenei dagoen aniztasuna eta aberastasuna erakutsiz.

NIRE GORPUTZEAN BIZI NAIZ
Juan Kruz Igerabide – Ainara Azpiazu

Juan Kruz Igerabideren hitzak eta Ainara Azpiazuren marrazkiak elkartzen dira Nire gorputzean bizi naiz obran. Igarkizunak,  asmakizunak eta olerkiak biltzen ditu liburuak, norberaren gorputzari lotutakoak. Hitzak eta irudiak erabiliz, liburuak jolas egiteko gonbidapena luzatzen dio haurrari.

Juan Kruz Igerabidek idatzi eta Ainara Azpiazuk ilustratu dute Nire gorputzean bizi naiz

 

BADAUZKAT NIRE ZULOTXOAN…
Alaine Agirre – Irrimarra

Udazkena iristearekin batera, urtxintxa janaria biltzen hasten da. Zuhaitzetan gora eta zuhaitzetan behera, bildutako guztia bere zulotxoan gordetzen du, neguan goserik ez pasatzeko. Baina batzuetan… 

Alaine Agirrek idatzi eta Irrimarra bikote sortzaileak ilustratu du Badauzkat nire zulotxoan… ipuin ilustratua. Negua pasatzeko janaria biltzen ari den urtxintxaren istorioa kontatzen du. Ipuinean bada, ordea, etengabe presente dagoen beste protagonista bat ere. Bukaerara arte, baina, ez dugu jakingo nor den.

Alaine Agirrek idatzi du Badauzkat nire zulotxoan...

Irrimarra bikoteak ilustratu du Badauzkat nire zulotxoan...