Bloga

Euskal Curriculuma oinarri duten ikasmaterial proiektuak, derrigorrezko hezkuntza osorako

Ikaselkar · 2024-03-20 · Ikaselkar

Partekatu

Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak sortu eta argitaratu ditu, hamarkada baten ondoren, euskara eta euskal kulturaren transmisioa ardatz dituzten ikasmaterial proiektuak derrigorrezko hezkuntza osorako.

Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak 2023-2024 ikasturte honetan lortu du euskal kulturaren transmisioa zehar-lerro duten ikasmaterialen garapena Haur Hezkuntzatik hasi eta DBHraino amaitzea eta Euskal Herri osoko ikastetxeetara zabaltzea. 

Ikasturte honetan LH3rako ikasmateriala argitaratu du eta, honenbestez, 3-16 urteko ikasleei begirako eskaintza osatu du.

Hezkuntzaren bidetik, bi helburu nagusi ditu Ikaselkarrek: batetik, euskal kulturaren transmisioa ziurtatzea, eta beste alde batetik, euskal herritar unibertsal izateko ezinbesteko eta funtsezko konpetentzien garapen-maila bermatzea.

Edurne Soraluze Ikaselkarreko zuzendariaren hitzetan, aurtengo ikasturtea «mugarri bat da, lehenengo aldiz jarri baitira Euskal Herriko ikastetxe guztien eskura gure hizkuntza eta identitate atxikimendua ardatz duten ikasmaterial proiektuak hezkuntza etapa guztietarako, bertan sortuak eta bertarako pentsatuak».

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako EKI proiektua, LHko Kimu eta Haur Hezkuntzako KUKU! emozio-programa dira Ikaselkarrek azken hamarkadan sortu dituen hezkuntza proiektuak. Hirurek dute oinarrian konpetentzien araberako ikaskuntzaren ikuspegia, eta aintzat hartzen dute oinarrizko hezkuntza amaitzerako ikasleek izan behar duten irteera-profila, etapen arteko jarraikortasuna bermatuz

Hain zuzen ere, ikaslea bizitzarako prestatzea da Ikaselkarrek plazaratutako proiektu ororen helburu nagusia, alegia, ikasleak funtsezko konpetentziak garatzen dituela ziurtatzea eta ikasitakoa bere bizitzako edozein testuinguru eta unetan aplikatzeko gai dela.

Euskal curriculuma
2006an aurkeztu zuen euskal hezkuntza komunitateak Euskal Curriculumaren proiektua – “Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma” −, elkarlanean egindako ekimenari esker eta adostasun zabal batekin. 

Euskal Curriculumaren oinarriak eta ezaugarriak adostuta, Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak heldu zion paperean jasotakoa ikasgelara eramateko erronkari. Hala, 2013az geroztik, urtez urte ikasmaterial berriak argitaratu ditu, eta Euskal Herriko irakasleen eskura jarri.

Erronka berriak
Hezkuntza aurrera doan heinean, erronka berrien aurrean da argitaletxea. Eskuartean dituzten proiektuak etengabe hobetzen jarraitzeaz gain, DBHn eremukako lanketara begirako proiektu aitzindari bati ekin diote (2, 3 edo 4 arlo ikasgai bakarrean bateratzea); Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako curriculum-dekretu berrietan ageri den kontzeptua da eremuena, baina oraindik oso ikastetxe gutxitan jarri da martxan. Gogoeta eta ikerketa fasean daude une honetan Ikaselkarren eta datorren ikasturtean egingo dituzte kontraste lanak irakasle eta ikasleekin. 

Horrez gain, ikasgeletan eta ikasgelatik kanpo ere euskal kulturaren transmisioa lantzera bideratutako material osagarria eskaintzea du asmo Ikaselkarrek.

Horretarako guztirako, ezagutza esparru anitzetan aditua den 50 bat profesionalez osatutako taldea ari da Ikaselkarren lanean, multidizplinarra: egileak, aholkulari pedagogikoak, editoreak, diseinatzaileak, ilustratzaileak, editore grafikoak eta hezkuntza-teknologian adituak, besteak beste. 

Izan ere, egun ikasmaterialak askotarikoak dira eta molde eta formatu desberdinetan aurkezten zaizkie ikasleei, betiere helburuaren arabera eta etapa bakoitzean ikasleen ezaugarri eta beharretara egokituta: paperean zein formatu digitalean, ikus-entzunezkoak, material manipulagarriak etabar.

Gaur gaurkoz Euskal Herriko 350 ikastetxetan erabiltzen dituzte Ikaselkarren ikasmaterialak, 1.000 irakasle eta 50.000 ikaslerengana helduz. Horien artean sare publikoko zentroak, eskola erlijiosoak eta Ikastolen Elkarteko eta Seaskako ikastolak daude. 

«Gure proposamenekin lan egiten duten irakasleek garbi dute: ikaslearen arrakasta da lehentasuna, eta horretarako, tokian tokiko curriculum ofizialek zehazten dituzten helburuak lortzeaz gain, ikasleek euskal kultura eta ondarea jasotzeari ere garrantzia ematen diote» azaldu du Soraluzek, eta gaineratu du, «ikasmaterial proposamen orok du bere baitan sortzaileen kultur ikuspegia; gure kasuan Euskal Herriko begirada da ardatza».

Ikaselkarrek, ikasmateriala eskaintzeaz batera, irakasleei etengabeko aholkularitza pertsonalizatua eta formazioa ere eskaintzen die. «Ikaselkar ez da argitaletxe soila, irakaskuntzan adituak gara eta irakasleari laguntzeko gaude».

Edurne Soraluze, Ikaselkarreko zuzendaria, KUKU! emozio-programa eta Kimu eta EKI proiektuetako ikasmaterialekin

Gehiago jakin nahi baduzu, edo gure ikasmaterialak ezagutu nahi izanez gero, deitu edo idatzi lasai:

Teléfono - Iconos gratis de tecnología 943 22 58 76

Correo electrónico - Iconos gratis de ikaselkar@ikaselkar.eus