Bloga

Eki LHko irakasleei zuzendutako formazio-ibilbide berria prest

LH · 2022-05-09 · Ikaselkar

Partekatu

Eki LHko erabiltzaileentzako formazio-ibilbidea berrikuntzekin dator 2022/23 ikasturtean. Prestakuntza-saio eguneratuak, aparteko saioak egileekin eta praktika onen topaketa, besteak beste.

2022/23 ikasturtea ate-joka dugu, eta Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak prest du Eki proiektuaren erabiltzaile zareten LHko irakasleentzako formazio-ibilbidea. Datorren irailean hasi eta maiatzera bitarteko ibilbidea osatu da, Eki proiektuaren ezagutzan eta erabileran irakasleak ahalduntzeko asmoz.

Ibilbide berritua erabiltzaileen ezagutza eta beharretara egokitzen da. Etengabeko hobekuntza prozesu baten baitan, edukiak eguneratu eta moldatu egin dira, formazio eskaintza handituz eta zabalduz.

Ikasturtearen hasieran, irailean, iritsi berri diren irakasleei zuzendutako ohiko harrera-saioez gain, ikasturtearen ikuspegi orokorra jasotzeko saioak eskainiko ditugu mailaka, hau da, LH 4ko, LH 5eko eta LH 6ko saio bana. Saio hauek mailari dagokion diziplinartekotasuna izango dute ardatz.

Era berean, digitalean ari zaretenontzat BlinkLearning plataformaren gaineko trebakuntza-saioak egingo ditugu.

Berrikuntzen artean, LHko Eki proiektuaren egileekin 3 saio eskainiko dira - urrian, urtarrilean eta apirilean -, unitate bakoitzaren nondik norakoak xehetu eta zalantzak argitzeko. 

Eki LH proiektuaren planifikazioak eta ebaluazioak ere tarte nabarmena izango dute datorren ikasturteko egitarauan. Hasteko, azaroan, proiektuaren garapenerako planifikazio-eredua landuko da mailaka, eta ondoren, otsailean, ebaluazio proposamenari helduko diogu. Batak zein besteak ikaslearen arrakasta bermatzeko bideak eraikitzea izango dute helburu, bai funtzio pedagogikoa betez, baita funtzio soziala bermatuz.

Ikasturtearen amaiera aldera, maiatzean, Eki LHko Praktika onen I. Topaketa egingo dugu, ikastetxeetako esperientzia arrakastatsuak ezagutzeko eta partekatzeko helburuarekin. Erabiltzaileen artean esperientzia eta praktika onen trukea sustatzeaz gain, irakasleen arteko elkar ezagutza eta saretzea bultzatu nahi dugu.

(*Klikatu irudiaren gainean handiago ikusteko)

 
 

Gida didaktikoak eta tutoretza-bideoak, Irakaslearen gunean

Irakaslearen gunean zure eguneroko lana erraztuko duten baliabideak eskura izango dituzu une oro:

  • Dokutegia atalean, mailaka eta diziplinaka antolatuta, gida didaktikoak, tutoretza-bideoak, lan-koadernoen erantzunak edota baliabide eta material osagarriak aurkituko dituzu.
  • Formazioa atalean, kontsultatu prestakuntza-saioen egutegia eta eman izena.
  • Ohiko galderak. Irakurri ohiko galderen erantzunak edota egin zure galdera. Galdera bidali eta albait arinen jasoko duzu laguntza eta erantzuna. 
  • Lizentzia digitalak eskuratu nahi dituzu? Egin eskaera formularioa betez.

Eki erabiltzailea zara eta oraindik ez duzu Irakaslearen gunera sarbiderik? Erregistratu orain!

Ikasturte osoan zehar Ikaselkar hezkuntza argitaletxeko lantaldearen laguntza eta etengabeko akonpainamendua izango duzu.