Bloga

Durangoko Azokan izango gara

Ikaselkar · 2022-11-10 · Ikaselkar

Partekatu

Ikaselkar hezkuntza argitaletxearen erakusmahaian (Artekale 62-64) Kuku! emozio-programaren baitan sortu ditugun baliabideak (album ilustratuak, horma-irudiak eta jolasak) eta Kimu eta Zientzialariak bildumetan plazaratutako lanak izango dira eskuragai, besteak beste.

Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratuko du edizio honetan. Kulturaren plaza abenduaren 7tik 11ra antolatuko da "eztanDA!" lelopean, eta aurrez aurreko salmentaz gain, online dendari ere eutsiko dio.

Ikaselkar hezkuntza argitaletxea bertan izango da beste urte batez: Artekale 62-64. Besteak beste, Kuku! emozio-programaren bilduman sortu ditugun baliabideak eskuratzeko aukera izango da: album ilustratuak, horma-irudiak eta jolasak. Halaber, Kimu sailean plazaratutako nobedadeak ere eskuragai izango dira, horien artean, "Jakelinen egunerokoa", Nerea Ibarzabalek idatzia eta Higinia Garaik ilustratua, eta "Euskal Herrietako ipuin harrigarriak", Juan Kruz Igerabidek idatzia eta Elena Odriozolak ilustratua; bere garaian Denonartean argitaletxeak argitaratua, haiekin hitz egin ostean, Kimu proiektura ekarri eta gure katalogora gehitu dugu.

Horiez gainera, historian zehar izan diren zientzialari eta pentsalari handienen biografiak eta lorpenak haurrei ezagutzera eman nahi dien Zientzialariak bildumako komiki-liburuak ere izango dira eskura.

Azkenik, ohi bezala, Ikastolen Elkartearen jolasakArgitxo eta Xabiroi komikiak ere Ikaselkarren erakusmahaian izango ditugu.

Online dendan ere bai

Landakogunean aurrez aurreko erakusmahaiak izango diren arren, aurten ere etxetik erosketak egiteko aukera egongo da, online denda martxan egongo delako webgunean abenduaren 7tik 10era. Beraz, online dendan ere izango da Ikaselkarren lanak eskuratzeko aukera.