Bloga

10 liburu haurrek udan irakurketaz gozatzeko

Ikaselkar · 2024-06-19 · Junkal Lertxundi, Kimu Euskara eta literaturako egilea

Partekatu

Udako arratsalde sargorietan itzalpean jolas egin eta irakurketaz gozatzeko 10 liburu gomendio bildu ditugu. Ea gustuko dituzuen!

Oporraldia garai ezin hobea da jolaserako, lagun berriak egiteko eta, ikasturtean hartutako ohiturari eutsiz, liburu bat ireki eta istorio liluragarrietan murgiltzeko.

Ikaselkar hezkuntza-argitaletxean, KUKU!, Kimu zein EKI proiektuen bidez, haur eta gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzen dugu, askotariko irakurketak proposatuz.

Adinaren arabera sailkatuta, udan haur literaturaz gozatzeko 10 liburu gomendio bildu ditugu hemen. Denak dira irakurketa entretenigarriak eta gozagarriak. Bakarrik, lagunekin zein familiartean irakurtzeko modukoak. Baina badira askoz gehiago. Aukeratu zurea!

2 urtetik aurrera

Arrautza, Elena Odriozola. Ediciones modernas el embudo (2021)

Hatzak mugitzeko leloa, besoko haurraren eta helduaren arteko maitasunaren topagunea, ahozko tradiziotik jaso eta haurtzarotik datorkigun jolas eta pieza hori berreskuratzeko parada, irakurlegaia irudi eskematikoak interpretatzen has dadin proposamen plastikoa, eta, batez ere, behin eta berriz gozatzeko liburua.

Arrautza: 2 (¿TE SUENA?) : Odriozola Belástegui, Elena, Odriozola  Belástegui, Elena: Amazon.es: Libros

Dilin dalan dan, Pello Añorga. Denonartean (2022)

Euskal ahozko tradiziotik jasotako formulez, kantez eta poesia ludiko-koralez osatuta dago eta, horretaz gain, Pello Añorgak berak sorturiko piezez eta jolasteko poematxoez. Hala nola elkar ukitzeko, kilimak egiteko, kulunkatzeko, trostan aritzeko, lo egiteko, esnatzeko, bazkaltzeko, bedeinkatzeko, konjuratzeko, izakiekin hitz egiteko, egun bereziak partekatzeko eta abarretarako. Finean, liburu hau oso haur txikiekin errezitatzeko eta jolasteko da, harremana zein lotura afektiboa indartu dadin helduen eta haurren artean, ahozko komunikazioa sendotuz.

4 urtetik aurrera

Maddiren aireplanoa, Antton Kazabon eta Maite Rosende. Denonartean (2023)

Album hau jolasaldi baten kronika da. Maddi hegazkinez doa, aireplanoan, eta bera da gidaria, kapitaina. Altuera hartu ahala, ingurua nola den aldatzen deskribatuko digu. Halako batean, ama agertu, eta jolasa amaitu egingo da. Kolore kontraste handiko irudiak ditu, collage eran eraikiak, sinplifikaziora eramanak.

Maddiren aireplanoa — denonartean • Cénlit

Nazkatasuna, Peru Magdalena eta Mikel Valverde. Ikaselkar (2021)

Zer da nazka? Noiz sentitzen dugu? Gauza berdinek ematen al digute nazka? Denok sentitzen al dugu berdin? Protagonista diren haur hauentzako fantasia, dibertimendua eta poza dena, heldu batentzako nazkagarri gerta daiteke, eta alderantziz. Haurrek beren gauza nazkagarrien zerrenda propioa dute.

6 urtetik aurrera

Familia xelebrea, Anjel Lertxundi eta Jokin Mitxelena. Ikaselkar (2021)

Familia guztiak dira xelebreak. Baina xelebreetan xelebreena Erramun Babarrun, Mariaje Potaje, Serafin Mokofin eta Arantxa Balantxarena. Ezagutu nahi dituzu? Zatoz haiekin bazkaltzera!

Etxe honetan, Aintzane Usandizaga eta Asier Iturralde 'Gaston'. Pamiela (2019)

Etxean arauak jartzera ohituta dagoen aitatxi baten eta honen egunerokotasuna eta errutina hankaz goiti paratzera datorren ilobaren arteko harremana da gaia. Edonori ezagunak egin ahal zaizkigun egoerak bizitasunez kontatu eta marraztu dituzte autoreek, umorea maisuki erabiliz eta irribarrea lehen minututik sorraraziz. Irakurleak erabaki dezala nork agintzen duen ETXE HONETAN.

Etxe honetan - Aintzane Usandizaga Lopez - txalaparta.eus

8 urtetik aurrera

Non begia, han egia, Victor Bellmont. Itzulpena: Julio Soto. Txalaparta (2023)

Tomasek daltonismoa du. Familiako bazkari batean, gainontzeko kideek mundua nola ikusten duten galdetzen dio bere buruari. Irudien bidez, mahaira eseritako pertsonaia bakoitzak momentuko bere ikuspegia erakutsiko du. Inguruari nola begiratzen zaion, hori da kontua! Hona liburu koloretsu bat, guztiok jantzita daramatzagun «betaurreko» ikusezinak deskubritzeko.

Non begia, han egia - Victor Bellmont - txalaparta.eus

Jakelinen egunerokoa, Nerea Ibarzabal eta Higinia Garay. Ikaselkar (2022)

Jakelin guraso eta anaia txikiarekin bizi da. Oso neskatila irudimentsua da. Egun batean, afalorduan, ustekabeko aurkikuntza egingo du: bere familia ez da bere benetako familia, beste mundu batetik dator, beste planeta batetik. Hortik aurrera, sekulakoak egingo ditu bere jatorrizko etxera itzultzeko.

10-12 urte

Lina Plastilina. Izaro Arroita eta Joseba Larretxe. Elkar (2023)

Eskolako laborategian izandako istripu handi baten ondorioz Lina plastilinazko bihurtuko da. Bere gorpuzkera berriak emandako aukerari esker, liburuan sartu eta hortik aurrera abentura mordo bat biziko ditu. Lehenengo eta behin, zirku batean biziko du abentura paregabea eta beste liburu-jauzi baten ondoren, itsas bidaia zirraragarri bat egingo du.

7G Udalekuak, Nerea Loiola. Erein (2022)

«Aukeratu zure abentura» jartzen du liburu honen azalean. Izan ere, istorioak zein norabide hartuko duen, eta nola amaituko den, irakurlearen esku uzten duela hitzematen duen liburu mota bat da, atal bakoitzaren amaieran istorioarekin jarraitzeko aukera desberdinak proposatuta. Udaleku misteriotsu batean kokatzen da narrazioa, udaleku sekretu bat. Zailtasunak gehitzeko asmoarekin, gainera, une jakin batzuetan, zein orrialdera joan behar den jakiteko erronka modukoak proposatzen dira.

7G udalekuak - Nerea Loiola Pikaza - txalaparta.eus