Blog

12 liburu haur eta gaztetxoek udan irakurketaz gozatzeko

Ikaselkar · 2025-07-10 · Junkal Lertxundi, Kimu Euskara eta literaturako egilea

Compartir

Udako arratsalde sargorietan itzalpean jolas egin eta irakurketaz gozatzeko 12 liburu gomendio bildu ditugu.

Oporraldia garai ezin hobea da jolaserako, lagun berriak egiteko eta, ikasturtean hartutako ohiturari eutsiz, liburu bat ireki eta istorio liluragarrietan murgiltzeko.

Ikaselkar hezkuntza-argitaletxean, KUKU!, Kimu zein EKI proiektuen bidez, haur eta gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzen dugu, askotariko irakurketak proposatuz.

Adinaren arabera sailkatuta, udan haur literaturaz gozatzeko 12 liburu gomendio bildu ditugu hemen. Denak dira irakurketa entretenigarriak eta gozagarriak. Bakarrik, lagunekin zein familiartean irakurtzeko modukoak. Baina badira askoz gehiago. Aukeratu zurea!

2 urtetik aurrera

Itsaso gazian, Nieves García - Marina Gibert. Itzultzailea: Amaia Egidazu. Pamiela - Kalandraka (2024)

Testu errimaduna duen kartoizko liburua itsasoa eta bertako animaliak ezagutzeko. Gauak eta ametsek elkarrekin abenturak bizitzeko aukera paregabea eskaintzen diete nagusi eta txikiei. Oraingo honetan, bidaia zirraragarri bat itsasoan barrena. Olagarroak, mihi-arrainak, atunak edo sardinak izango dira gure gaueko jolaskideak, ilargiarekin batera. Bozgora irakurtzeko testu oso aproposa da, aurreirakurleei hitzarekin jolasteko plazera trasmititzeko baliabide aparta.

Oiloa ohean.  Katrina Charman - Guilherme Karsten. Itzultzailea: Amets Santxez Munain. Ttarttalo (2024)

Lotarako ordua une jostagarria da animalia dibertigarri hauentzat. Banan-banan zaratatsu erortzen diren heinean, ohea gero eta hutsago geratzen da, eta logela erabat nahaspilatzen da. Inork egingo al du lo?

4 urtetik aurrera

Arrats zapo bat. Maite Mutuberria. Pamiela - Kalandraka (2024)

«Arrats zapo bat» gero eta narrazio-erritmo handiagoz, irakurlea ezusteko amaierara arte gidatzen duen album ilustratu dibertigarri bat da. Protagonistak modu berezian, joko fonikoak eta onomatopeiak erabiliz mintzo dira, narrazioa lagunduz eta euren buruari nortasuna emanez. Maite Mutuberriak komikiaren gertuko hizkuntza darabil, mugimendu eta keinu-adierazpenez eta baliabide sinboliko ugariz lagunduta albumari umorezko izaera emateko. Egileak berak idatzi, ilustratu eta diseinatu duen proposamen hau XVI. Compostela Sariko finalista izan da.

Mamuki. Nerea Ariznabarreta - Maite Rosende. Pamiela (2024)

Beldurrari buruzko album umoretsua dugu Mamuki. Arima Gauean, mamuek izutu egin behar dute, baina Mamuki txikia gaixorik dago. Banpiroa edo zonbia bezalako munstro klasikoak, Zakuzahar edo Otsoko bezalako euskal kulturaren pertsonaiekin batera, laguntzen saiatzen dira arrakastarik gabe. Eszenatoki minimalista batean, istorioak paralelismoak, erritmoa eta errimak erabiltzen ditu, beldurra eragin beharrean, barreak eta samurtasuna pizten dituztenak adiskidetasunaren eta adimenaren ospakizun dibertigarri honetan. Egileek Etxepare 2024 Saria jaso zuten lan honengatik.

6 urtetik aurrera

Gau beltz on. Karmele Mitxelena - Naiara Mitxelena. 1545 Argitaletxea (2024)

Amaren galeraren ondoren bere lehen Gau Beltzari aurre egin behar dion protagonistaren begiradaren bidez, tradizioa eta dolua uztartzen ditu lanak, ospakizun horren antzinako erritualak erakutsiz. Narrazio intimo eta oroigarri batekin, albumak kultur ondarearen balioa aldarrikatzen du, oroimenari eta absentziari buruzko hausnarketa hunkigarria eskainiz. Gainera, kopla tradizionalak dituen QR kode bat ere badu.

Munduketariak. Patxi Zubizarreta - Jokin Mitxelena. Erein (2024)

Harmonyren ikasgelan mundu osoa kabitzen da, hainbat jatorritako familien haurrak biltzen dira han eta mundu osoa entzuten da: arabiera, txinera, errumaniera, urdua, edo hizkuntza… Hegazkin bat ere prestatu dute, gelazkina, eta, flop-flop-flop, gelakideak mundu osora hegaldatzen dira: Errumaniara, Nikaraguara, Pakistanera, Txinara, Marokora… Gaur goizean Nigeriara joatekoak ziren, baina hain zuzen ere Harmonyk izan behar zuen gelazkinaren pilotua, eta Harmony, ai, Harmony ez da inon ageri…

8 urtetik aurrera

Dardarak.  Karmele Mitxelena - Irene Irureta. Txalaparta (2024)

Maritxu eta Katalina teilatupe berean bizi dira. Zeru horren babesean, zimurrak eta urteak zenbatzen dizkiote elkarri. Bietatik dituzte ugari. Azkenaldian, ordea, zeru berak dar-dar egiten du maiz, eta, lurrikarek bezala, haien barrenean erreplikak ditu dardara horrek. Teilatupe osoa hotzikarak hartzen duen egunera arte.

Bi emakume adinduren arteko maitasuna eta elkar zaintza du ardatz liburu honek, bai eta “etxe” esaten ahal zaion aterpe baten beharra aldarrikatzen ere.

Klera. Leire Bilbao (testua) - June San Sebastian (ilustrazioak) - Maite Larburu (musika) - David Bernués (bideo sorkuntza) - Kukai Dantza (dantza) - Jon Maya (zuzendaritza artistikoa). Elkar eta Kukai Dantza (2024)

Gogoeta egitera gonbidatzen duen zentzumen-esperientzia bat da album hau. Gerra gaitzat hartuta, diziplina anitzeko albuma osatu dute: testuaz eta ilustrazioez gain, musika, dantza eta antzezpena ere uztartzen ditu, liburuan zehar dauden QR kodeak erabilita ikus eta entzun daitezkeenak. 

10 urtetik aurrera

Pellokeriak.  Ruben Ruiz - Joseba Beramendi, Exprai. Elkar (2024)

Pellokeriak ipuin-bildumak 2024ko Mikel Zarate haur literatura saria irabazi du. Hainbat ipuin laburrez osaturiko kontakizuna da, denetan Pello izeneko mutikoa dela protagonista. Umorez eta samurtasunez, eskola, familia, bullyinga edo zahartzaroa bezalako gaiak jorratzen ditu egileak, naturaltasunez eta hurbiltasunez kontatuak. Irakurtzeko istorioak baino gehiago, hitzen bidez bizia hartzen duten pasadizoak dirudite. Ilustrazioek kontakizunak osatzen dituzte, umore-ukitua gehituz, orrietan murgiltzen denarekin konplizitatea indartzen duena.

Gauzen lezioak. Gustavo Puerta - Elena Odriozola. Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide (2024)

Botoi bat, dado bat, frisbeea, euliak harrapatzekoa, eltzeitsua, eguneroko objektuak dira, eta ez diegu arreta handirik eskaintzen. Hala ere, tentuz behatzen ditugunean, benetan harrigarriak dira. Liburu honek jolasera gonbidatzen du, eta pentsatzera nahiz sortzera. XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran ospetsu bihurturiko "Gauzen lezioak" genero pedagogikotik abiatuta, orrialdeotan alor ugari biltzen dira, hala nola, informazio-liburua, jarduera-liburua, gogoeta filosofikoa eta umore tuntun samarra. Irakurketa ez da azken orrian amaitzen; aitzitik, umeak idaztera, marraztera, pentsatzera, imajinatzera bultzatzen ditu

12 urtetik aurrera

Martin Martina eta urrezko orraziaren misterioa. Amancay Gaztañaga.  Elkar (2024)

Martin eta Martina eta urrezko orrazia trilogiaren lehenengo liburua da. Istorioa pasabide ezkutuz, aztikeriaz eta mamuz beterik dago. Institutuko zuzendariak aitona-amonen gazteluan uda pasatzera zigortu du Martin Martina, eta iritsi orduko konturatu da ezer ez dela pentsatu bezala. Gazteluaren hormek isilean gordetzen dituzte hainbat sekretu, igarkizun bat baino gehiago eta lapurreta bat; baita maitasun apur bat ere. Nork lapurtu du laminen urrezko orrazia; eta zertarako?

Itsasoa bete urre. Dani Martirena - Ana Ibañez. Txalaparta (2024)

Itsasoa zaintzen duen farozain batek bere largabistetatik begiratzeko gonbita egiten dio irakurleari. Orain txipiroi ipurtargiak, orain marrazo gosetiak, sardina kilikariak, marmoka itsaskorrak eta, Bizargorriren galeoi hondoratua! Baina, ez hori bakarrik, oro ez baita urre. Horrela eginen du irakurleak aurrera, olatu kolpean, hala ur-azalean nola bere sakonera abisaletan itsasoak dituen sekretuak ezagutzen. Irudi abstraktu eta iradokitzaileen uberan migrazioari buruzko istorio errealista bezain gordina eskaintzen du album honek.