Ikaselkar · 2026-05-13 · Ikaselkar
Kili Kili Ipuin jostagarriak, 4-6 urteko haurrek jolas eta ikas dezaten

Kilimak koaderno jostagarrien ondotik, Kili Kili Ipuin jostagarriak sortu eta argitaratu ditu Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak 4-6 urteko umeei zuzenduta.
Kili Kili Ipuin jostagarriak sortu eta argitaratu ditu Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeak 4 eta 6 urte bitarteko umeei zuzenduta.
Jolaserako ipuinak dira, hau da, ipuinean aurrera egin ahala, hainbat jolas eta denbora-pasa aurkituko du irakurleak orriz orri. Jolasa eta ikaskuntza modu natural eta gozagarrian uztartzen dituzte.
Bi ipuinek osatzen dute bilduma:
- Kili Kili Ipuin jostagarriak 1. Otsoko gose da.
- Kili Kili Ipuin jostagarriak 2. Xagu eta Katu baserrian.
.png)
Ipuinak dira, baina ez edozein ipuin
Koaderno bakoitzak abentura bat kontatuko digu: basoan janari bila dabilen otsoaren pasadizoak, bizileku bila baserri batera iritsi den saguaren gorabeherak…
Ipuinak guztiz osatu gabe daude, eta haurrak berak bukatu beharko ditu. Umea protagonista aktibo bilakatuko da eta berak osatuko ditu istorioak.
Istorio horietan oinarrituta, haurra askotariko jardueretan murgilduko da:
- Behatzea eta arrazoitzea: xehetasunak bilatu, irudiak erkatu eta ordenatu, labirintoen irteera topatu...
- Kontaketa eta logika matematikoa: objektuak zenbatu, formak eta patroiak identifikatu, sekuentziak osatu, dominoak osatu…
- Grafomotrizitatea: marra, kurba eta zirkuluen bidez eskuaren trebetasuna garatu, eskua trebatuz idazketarako.
- Irudimena eta adierazpena: amaitu gabe dauden ilustrazioak osatu, koloreztatu… Marrazki librea edo gidatua.
- Moztea eta itsastea: koordinazio bisual-motorea indartu eta antolakuntza-gaitasuna garatu. Amaieran eskaintzen zaizkie horretarako eranskinak.
- Sormena eta irudimena: egoerak asmatu, istorioa osatu…
- Jolas sinbolikoa: Eranskinetako txotxongiloek jolas sinbolikorako aukera ematen dute. Istorioa erreproduzitu edo istorio berriak asmatu, hitzak jarri beren irudimenari eta emozioei, pertsonaien azalean jarri…
Gainera, Bertsozale Elkartearekin lankidetzan, ipuinetan lantzen diren gaiak eta mezuak bertsotara ekarri dituzte Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Alaia Martin eta Iker Zubeldia bertsolariek.
Bertso sortak musikatu egin dira Oskar Estangaren laguntzarekin, eta irakurleek QR kodeen bidez eskuratuko dituzte entzungaiak. Haurrek bertsoez gozatu, abestu eta doinuak ikasteko aukera izango dute. Bertsoez gain, euskarazko hainbat kanta ezagun ere aurkituko dugu bi koadernoetan.
Marrazkiak Mikel Valverdek egin ditu.
Kili Kili koadernoek aukera ematen dute etxean elkarrekin aritzeko, irakurketaren eta marrazkien bidez istorioak partekatzeko, solaserako, haur bakoitzaren erritmora egokituz.
- Kili Kili Ipuin jostagarriak 1. Otsoko gose da.
Otsoko du protagonista, basoan janari bila barneratuko den otso goseti eta, batzuetan, beldurgarria.
Haurrak Otsokori bere abenturan lagundu beharko dio, behar dituen fruitu, onddo, animalia eta zomorroak harrapatzen. Baina, horretarako, begiak zorrotz, belarriak erne, eskuak arin eta garuna prest izan beharko ditu, bidean erronka ugariri aurre egin beharko die eta: marraztu, koloreztatu, moztu eta itsatsi, bilatu, zenbatu, idatzi, loturak egin, labirintoen irteera bilatu… eta, batez ere, sormena eta irudimena askatu.
Kantu eta bertso ederrak ere entzun eta abestu ahalko ditu.
- Kili Kili Ipuin jostagarriak 2. Xagu eta Katu baserrian.
Xaguk bide luzea egin du bizileku baten bila. Eta hara non topatu duen baserri eder bat. Bertan izango du zer jan, non gorde eta nola berotu. Kontuz ibili beharko du, ordea, etxeko katua oso ehiztari trebea da eta.
Haurrak Xagu eta Katuren abenturak jarraituko ditu, eta, gainera, hainbat jolas eta denbora-pasa topatuko ditu baserriko txokoak ezagutzen dituen bitartean: marraztu, koloreztatu, moztu eta itsatsi, bilatu, zenbatu, idatzi, loturak egin, labirintoen irteera bilatu…
Kantu eta bertso ederrak ere entzun eta abestu ahalko ditu.
Eskuragarri dendetan
Euskal Herriko liburu-denda eta ohiko salmenta puntuetan eskuragarri dira Kili Kili Ipuin jostagarriak (4-6 urte) eta Kilimak koadernoak (6-12 urte).
Kili Kili eta Kilimak, biak ala biak jolasaren bidez ikasteko gonbidapena egiten diguten koadernoak dira.

