Blog

Kimu bildumako "Itzal itzela", Bratislavako Ilustrazio Biurtekorako hautatua

LH · 2023-04-04 · Ikaselkar

Compartir

Kimu bildumaren baitan Ikaselkarrek argitaratutako eta Yolanda Mosquerak ilustratutako Itzal itzela albuma aukeratu du OEPLI elkarteak Bratislavako Biurtekoan parte hartzeko.

Yolanda Mosquera ilustratzaileak "Itzal itzela" albumerako egindako lana aukeratu du OEPLI elkarteak (Haur eta Gazte Libururako Espainiako Erakundea), besteak beste, Bratislavako 2023ko Ilustrazio Biurtekoan parte hartzeko.

Ikaselkarrek iaz argitaratu zuen liburua, Lehen Hezkuntzako Kimu proiektuaren baitan, Euskara eta literatura proposamena osatuz (LH 1-2-3). Leire Bilbao idazlea da testuen egilea.

Nazioarteko ilustratzailerik onenen lanak saritzen ditu Bratislavako Biurtekoak bi urtez behin. Eslovakiako Errepublikako Kultura Ministerioak, Unescoren Eslovakiako Batzordeak eta Haurrentzako Nazioarteko Arte Etxeak antolatzen dute sariketa.

2023ko urriaren 4tik abenduaren 3ra izango da aurtengo edizioa.

Hondartzara joaten denean, hondar epelaren zurrumurrua sentitzea gustatzen zaio Pauleri. Toallan etzan eta kalatxoriei begiratzea. Harean ezabatuko diren irudiak marraztea… Hondar azpian zerbait mugitzen sumatu duen arte. Geldi geratu da, harrituta, zer egin ez dakiela. Amonaren esaeraz gogoratu da orduan: beldurrari aurre.