Blog

Ikaselkar hezkuntza-argitaletxearen KUKU! eta Kimu proiektuak, Biko Teka tailerrean aztergai

Ikaselkar · 2024-02-01 · Ikaselkar

Compartir

Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko kide Idoia Arozena editoreak eta Junkal Lertxundi sortzaileak Biko Teka liburu grafikoentzako ilustrazio eta narraziogintza tailerraren 8. edizioan parte hartu dute. KUKU! eta Kimu hezkuntza-proiektuen baitan Ikaselkarrek sortutako album bildumen berri eman zuten atzo goizean.

(Argazkiak: Galtzagorri elkartea)

Ikaselkar hezkuntza-argitaletxeko editore Idoia Arozena eta Kimu proiektuko Euskara eta literatura proprosamenaren sortzaile Junkal Lertxundi hizlari gonbidatu aritu ziren atzo Biko Teka tailerraren 8. edizioan. 

Galtzagorri elkarteak, Iruñeko Udalarekin batera eta Etxepare Sarien antolatzaileen babesarekin, antolatzen du Biko Teka tailerra. Helburua da idazle eta ilustratzaile hasiberriak bikoteka elkarlanean jarri eta elkarlan horretatik album ilustratu bat sortzeko proiektuak bultzatzea. Astelehenean eman zioten hasiera ekimenari, Iruñeko Kondestable jauregian, eta ostiralera arte luzatuko da. Aitziber Alonso ilustratzailea eta Harkaitz Cano idazlea dira tailerraren gidariak.

Arozenak eta Lertxundik, euren lan-esperientziatik abiatuta, album baten edizioaren alderdi desberdinak izan zituzten hizpide; hain zuzen, KUKU! eta Kimu proiektuen baitan, Ikaselkarrek sortu dituen album bildumen berri eman zuten. 

Junkal Lertxundi eta Idoia Arozena Ikaselkarreko kideak, azalpenak ematen (argazkia: Galtzagorri elkartea).

KUKU! emozio-programa Haur Hezkuntzan emozioak lantzeko, norberarenak ezagutzeko, erregulatzeko eta besteenak hobeto ulertzeko hezkuntza-programa da, eta ahozkotasunean oinarritzen da. Hala, oinarriko 6 emozio lantzeko (poza, tristura, haserrea, nazka, sorpresa eta beldurra) emozio-programak eskaintzen dituen askotariko baliabideen artean, horma-irudiak eta album ilustratuak daude, denak ere bertako idazle eta ilustratzaileek berariaz sortutakoak.

Bestalde, Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetarako sortu da Kimu Euskara eta literatura, haurrak irakurketa eta idazketan trebatu eta heziketa literarioa garatzera eta sormena sustatzera bideratuta dagoen proposamena. Kimun ere, irakurle hasiberrientzat plazer eta motibazio iturri diren testu-genero eta izaera anitzeko obra literarioak sortu dira. Eta obra bakoitzari lotuta, unitate didaktiko bat argitaratu da: ikasleentzako fitxa-bilduma bat eta ikasgelan manipulatzeko materiala, hau da, sormena eta ulermena modu ludikoan lantzeko eta behin eta berriz erabiltzeko baliabideak: hiztegi-txartelak, poema-txartelak, aho-korapiloak, prendak eta aldrebeskeriak, bingoak, dominoak eta alfabeto-jokoak. Obra ilustratu duen ilustratzaileak berak egindakoak hauek ere.


HHko KUKU! emozio-programaren baitan, besteak beste, album ilustratuak eta horma-irudiak sortu dira (goiko irudia). 

Kimu proiektuan parte hartu duten sortzaileek unitate didaktikoak eta manipulatzeko materiala ere ilustratu dute (goiko irudia).

Eskerrak eman nahi dizkiegu Biko Teka-ko antolatzaileei ekimenean parte hartu eta Ikaselkar hezkuntza-argitaletxearen lanaren berri zabaltzeko aukera emateagatik.

(Argazkia: Galtzagorri elkartea)