Blog

Nola sustatu haur eta gazteen irakurtzeko ohitura?

LH · 2024-04-23 · Junkal Lertxundi

Compartir

Lehen Hezkuntzako lehenengo urteetan bereganatzen dituzte haurrek irakurtzeko trebetasuna eta zaletasuna. Hemen dituzu haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko zenbait estrategia eraginkor.

Lehen Hezkuntza irakurketa sustatzeko eta irakurketa-esperientzia atseginez gozatzeko garai garrantzitsuenetakoa da. Gustuen eta interesen arabera aukeratutako liburuak irudimena zabaltzeko leihoa dira, istorio zoragarrietan murgildu eta sormena sustatzeko tresna baliotsua. Halere, batzuetan erronka handia izaten da ikasleak liburuetara gerturatzea.

Catherine Tauveron irakaslearen hitzetan, "literatura-irakurketak plazer estetikoa, intelektuala eta kulturala dakar, eta hau guztia ez da magiaz gertatzen, eraiki egiten da".

Jarraian, Lehen Hezkuntzan liburuekiko maitasuna sustatzeko zenbait gomendio bildu ditugu.

Irakurketa partekatua

Elkarrekin irakurtzeak konplizitatea sortzen du taldean. Horrek, lotura emozionalak eta komunikazio-espazioak ahalbidetzen ditu. Liburuez hitz egiteko denbora hartzea eta espazio egokia sortzea garrantzitsua da.

Ozen irakurtzearen garrantzia

Ikasleei ozen irakurtzea funtsezkoa da maila guztietan. Irakurketa ozenaren unea iritsi dela adierazteko, ipuina irakurtzen hasi baino lehen, hasierako esaldi edo sintonia bat erabiltzea proposatzen dugu. Eta irakurketa amaitzerakoan, beste sintonia bat. Gainera, hasierako eta bukaerako sintoniak gorputz-keinuekin ere aberastu daitezke.

Erritu hauek hiru aldiz errepika ditzakegu: ozen, ahots-tonu baxuagoan eta keinuekin soilik, hitzik gabe. Errituak elkarrekin behin eta berriz egiteak intimitate-gune bat sortzen du; espazioa ez ezik, erritua ere zaindu behar da.

Sormenarekin lotu

Irakurketa sortzailea ez da soilik testua ulertzea, izan ere, irakurtzen dena irudikatzea, asmatzea, eraldatzea eta birsortzea eskatzen du.

Irakasleon lana da testu literario erakargarri eta atseginak ikasleen eskuetan jartzea, baita sorkuntzarako bidean animatzea ere. Sortzeak haurren irudimena, adierazpena, jakin-mina eta pentsamendu kritikoa sustatzen ditu. Halaber, irakurketaz gozatzeko aukera emango die.

Istorio-misterio, pats! (Ikaselkar)

Eskaintza zabala egin

Ikasgelan literatura lantzeko liburu-zerrenda egokia izan behar da. Batetik, literatura-genero edo testu-mota anitzak eskainiko dizkiegu haurrei (poesia, ipuina, album ilustratua...), eta liburu klasikoak, baloratutako garaikideak eta argitalpen berriak.

Irakurketa eskolatik kanpo zabaldu

Hamaika ekimen egiten dira gure herrietan irakurzaletasuna sustatzeko: irakurketa-klubak, motxila ibiltariak, booktuberrak, booktrailerrak eta abar. Eta gogoratu herriko liburutegiak eta bertan lan egiten duten liburuzainak konplize izango dituzula bidean.

 

Ikaselkarren Kimu Euskara eta literatura proiektuak heziketa literarioan jartzen du arreta; ikasleek literaturarekin gozatzen duten bitartean ikasten dute irakurtzen eta idazten. Horretarako, beharrezkoak diren ikasmaterialak eta formazioa eskaintzen dugu.

Informazioa osatu nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan.