Blog

Kimu bildumako album ilustratu berriak aurkeztu ditu Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak: Itzal itzela eta Zarata do maiorrean biolin eta pianorako

Ikaselkar · 2022-05-06 · Ikaselkar

Compartir

Leire Bilbao idazleak eta Yolanda Mosquera ilustratzaileak sortu dute “Itzal itzela” album ilustratua. Eta Iban Barrenetxeak idatzi eta ilustratu du “Zarata do maiorrean biolin eta pianorako”, umorez eta emozioz jositako liburu berezia.

Lehen irakurleari begira, argitalpen berriak plazaratu ditu Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak Kimu bilduman: “Itzal itzela”, Leirek Bilbaok idatzia eta Yolanda Mosquerak ilustratua, eta “Zarata do maiorrean biolin eta pianorako”, Iban Barrenetxeak idatzia eta ilustratua.

Kimu ipuin-bilduma 5-6 urtetik aurrerako umeei zuzenduta dago. Hitzen eta irudien bidez, irakurle gaztetxoenak entretenitu, irakurketan trebatu, hizkuntzan aberastu eta arteaz gozatzen irakastea du helburu.
 

ITZAL ITZELA

Leire Bilbao - Yolanda Mosquera

Hondartzara joaten denean, hondar epelaren zurrumurrua sentitzea gustatzen zaio Pauleri. Toallan etzan eta kalatxoriei begiratzea. Harean ezabatuko diren irudiak marraztea… Hondar azpian zerbait mugitzen sumatu duen arte. Geldi geratu da, harrituta, zer egin ez dakiela. Amonaren esaeraz gogoratu da orduan: beldurrari aurre.

 

ZARATA DO MAIORREAN BIOLIN ETA PIANORAKO

Iban Barrenetxea

Album ilustratu honetako abiapuntua, duelu baten lehertzen den piano eta biolinerako musika-entsegu bat da. Protagonistak bi haur musikari dira. Iban Barrenetxeak maisuki idatzi eta ilustratu duen umorez eta emozioz jositako album berezia.

Kimu bilduma

Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak 2020ko azaroan abiatu zuen Kimu bilduma, eta ordutik hamaika liburu argitaratu ditu. Bilduma honetan aurkituko dituzu honako liburu hauek ere:

  • “Nire gorputzean bizi naiz”, Juan Kruz Igerabide – Ainara Azpiazu Axpi.
  • “Badauzkat nire zulotxoan…”, Alaine Agirre – Irrimarra.
  • “Galdu dena azaldu dadila!”, Garazi Kamio – Julen Ribas. 
  • “Loinatzen loa”, Castillo Suarez – Mikel Antero.
  • “Familia xelebrea”, Anjel Lertxundi – Jokin Mitxelena. 
  • “Letren jolaslekuan”, Yolanda Arrieta – Eider Eibar.
  • “Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan”, Xabier Olaso – Sandra Garayoa.
  • “Itsas haizea dabil”, Junkal Lertxundi – Asier Iturralde Gaston.
  • “Tik, bakarrik. Tak, ikarak”, Patxi Zubizarreta – Maite Gurrutxaga.